Alex Txikon: 'Tontorrean ia ez neban disfrutetako astirik euki, bueltako bidean pentsetan nengoan'

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 17a, 00:00

Nanga Parbat mendia (8.126 m) neguan igon dauen lehenengoa izan da Alex Txikon, Ali Sadpara eta Simone Morogaz batera. Pakistanetik bueltau barri, espedizino gogor horren nondik norakoak azaldu ditu. Talde-lana eta estrategia ezinbestekoak izan dirala dino. Pozik dago, historian sartuko dan igoerea egin dauelako, baina espedizino bateko lider hobea izaten ikasi behar dauela uste dau.

Zezeilaren 26an heldu ziran Txikon eta kideak Nanga Parbateko tontorrera. Abenduan hasitako lana biribildu eben modu horretara. Espedizino luzea eta gogorra izan dala autortu dau Lemoako mendizaleak. Simone Morok eskarmentu handia dauka neguko igoeretan eta esan eustan hau izan dala berak bizitako gogorrena, azaldu dau Txikonek, Bilbon egin dauen agerraldian.

Arrakastea lortzera, ekinaren ekinez eta pazientzia handiagaz heldu dirala dino Txikonek. Talde-lana eta estrategia ezinbestekoak izan dirala ganeratu dau. Danek alkarregaz egin dabe lan eta pausu guztiak kontu handiz preparau ditue, metereologoen laguntzinoagaz.

Estrategia horren parte izan zan, tontorrera igoteko egunean, Laugarren Kanpalekutik goizeko seiretan urten izana, normalean baino beranduago. Apustu arriskutsua izan zan, onartu dau Txikonek. Horri esker, eguzkiaren berotan egin eben igoerea, baina denporaz estu ibili ziran bueltako bidea gaua heldu baino lehen amaitzeko.

Tontorrera heltzeko ahalegin ikaragarria egin eben. Tamara Lunger helburutik metro gitxira geratu zan eta Ali Sadparak, ostera, beste bide bat hartu eban. Orientazinoa gatxa da han, horregaitik norabide bi hartu genduzan; baina une guztietan Sadpara non ebilen ikusten genduan. Pakistandarra heldu zan lehenengo,  Txikon ondoren eta Morok osotu eban hirukotea tontorrean.

Tontorrean ia ez neban disfrutetako astirik euki, bueltako bidean pentsetan nengoan, adierazo dau Txikonek. Minutu askoan egon zan 8.126 metroko altueran, baina bueltako bideak kezkatzen eban eta estrategia preparetan ebilen. Ganera, hotz ez geratzeko kontzentrauta egoan. Moro heldu zanean, tarte bat hartu neban ingurura begiratzeko. K2, G1, alemaniarren lautadea eta abar euki zituan begibistan.

Txikonek nabarmendu dauenez, arrakastea ez da tontorrera heltzea, handik onik bueltetea baino. Une latzak pasau zituen laurek beherako bidean, hotzaren eta denporearen aurkako burrukan. Tamara Lunger izoztuta egoan eta ordu bi emon genduzan hari berotzen laguntzen Laugarren Kanpalekuan. Beheko Kanpalekurako bidea alkarregaz egin izana positibotzat jo dau.

Tontorrera heldu ezinda geratu bazan be, Tamara Lungerren erabagia txalotu dau Txikonek, bueltea noz emon ondo aukeratu ebalako. Horri esker, bizia salbau ebala uste dau Txikonek. 2012an, Gasherbrumen, hiru lagun galdu nituan, obsesinoagaitik, ez eben bueltea emon nahi izan beranduegi izan arte.

Behin Behe Kanpalekuko segurtasunean, neurriz ospatu eben. Batetik, Tamara Lunger ez egoalako animoz ondo eta, bestetik, indarrez be eskas ebilzalako danak. Pastela preparau euskuen eta konpromisoz jan genduan zati bat, ahoan be min neukan nik.

Historiara pasauko dan igoerea izan da, dino Txikonek, Euskal Herrirako be lorpen handia da eta oihartzuna euki dau. Edozelan be, 2011n hasi eban ziklo baten amaierea dala dino. Pozik nago, baina urtero-urtero egon naz pozik, tontorrera heldu ez nazenean be bai. 2011tik negu guztietan ibili da goi mendian eta fruituak aurten lortu dituala dino.

Pakistanen be oihartzuna lortu dau igoereak. Ali Sadpara hango heroi bihurtu dala dino Txikonek: Haren urian, Skardu-n, ondo etorria egin eutsen eta milazak lagunek urten eben kalera, harrigarria izan zan.

Aurten sumatu dauen kontu negatibo bat be gogora ekarri dau Lemoakoak. Nanga Parbatera igoteko beste espedizino batzuetan lehia gehiegi igarri dot, hareen planen barri galdetu eta ez eben ezer esan gura, edo ez zirala zintzoak ikusten neban.

Daniele Nardi taldekideagaz be gorabeherak euki zituan Txikonek eta, azkenean, italiarrak espedizinoa itxi eban. Lan ia-ia guztia Alik eta biok egin genduan, Nardik beti eukan atxakiren bat Behe Kanpalekuan geratzeko. Egoera horri erantzun egokirik emon ez izanaz damutzen da Txikon, lider hobea izaten ikasi behar dot.

Sudurraren puntea baltzituta ekarri dau Txikonek, izoztu egin jakolako. Goiz da berez osatuko dan ala ospitalean tratamendua hartu beharko dauen jakiteko. Badaezpada ez dot baltzunea ikutu nahi, bestela zuloa geratuko jat. Zero azpitik 40 gradu eta gehiagoko hotza pasau dabe han eta lasai dago Txikon, sudurrekoa baino ondorio larriagorik ez deutsalako ekarri horrek.

Aurrera begira, Txikonek oraindino ez dau zehaztu zer egin nahi dauen. Datorren urteko neguan K2ra igoteko aukerea ez dau baztertu, baina seguruenez ez da hara joango. Simone Morogaz Everest neguan eta oxigeno barik igoteko erronkea be ez dau baztertu. Momentuz, baina, Alex Txikonek familiagaz eta lagunakaz lasai egon nahi dauela dino, Euskal Herriko mendiez disfrutetan.

Osorik irakurri