9.200 lagun inguru hurbildu dira festibalaren barruan antolatutako ekintzetara, eta aurreikuspenen arabera, datorren edizioan 10.000ko muga gaindituko da. "Zenbat eta jende gehiagok parte hartu Zinegoaken, gero eta gehiago zabaltzen da festibalak proposatzen duen aniztasunaren ikusgarritasun mezua" azaldu du Pau Guillen zuzendariak.
Bilbon soilik otsailaren 22tik eta 29ra bitartean 6.000 ikus-entzule inguru pasa dira festibalaren barruan zeuden 11 zinema aretoren batetik. Horrek esan nahi du % 10 handitu dela iazko datuekin alderatuta. Golem zinematan hazkunde hori % 30erainokoa izan da. Kopuru horri gehitu behar zaio oraindik, Zinegoak Hedapena programaren barruan martxoan udalerrietan egingo diren 40 emanalditakoren batera joango diren ikus-entzuleak, eta 2.000 izango direla aurreikusten da. Saio horiek, festibaleko film labur eta luze sorta Euskadiko hainbat udalerritara eramango dituztenak, izugarrizko jauzia eman dute aurtengo edizioan, izan ere 14 udalerri parte-hartzaile izatetik 27ra pasa dira. Beraz, guztira, kalkulatzen da 8.000 lagun inguruk ikusiko zutela Zinegoaken 13. edizioko saioren bat.
Horrez gain, festibalak egin duen apustuak, kalera ateratzekoa ikusle bila, emaitza onak eman ditu. 600 lagunetik gora izan ziren otsailaren 28an Azkuna Zentroko Atrioan familia mota guztientzat egindako Gora nire Familia! rock kontzertuan. Adin guztietako publikoa ekarri zuen ekimen horren asmoa zen herritarrengan sentsibilizazioa zabaltzea eta gure jendartean elkarrekin bizi diren familia ereduen aniztasuna ikusaraztea. Festibalaren barruan jaiak ere egin dira, La Ribera edota Kafe Antzokian besteak beste, eta bertan 550 lagun ingurutik gora izan dira. Gainera, kontuan hartu behar da hainbatek ikusi dutela Amar no es un delito erakusketa, Alde zaharra, Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabalako taberna eta saltokiak bete dituena Afrikako sexu askatasunaren aldarrikapenaren irudiekin.
Hain justu ekintza hori, Amnistía Internacional Euskadik eta Bilbao Historiko Elkarteak antolatutakoa, hedabideen arreta gehiena hartu duen ekintzetako bat izan da: Huffington Posteko nazioarteko edizioak erakusketari buruzko artikulu bat kaleratu zuen eta gure inguruko eta maila nazionaleko hainbat irrati eta telebistek ere tokia egin diote ekimen horri. Gainera, Mexikoko Zinemagintza Institutu ospetsuak informazio ugari zabaldu du festibalaren egitarauaren ingurukoa, non Mexikoko transexualitatearen Saila zegoen, TransMex. Radio 3ko 'El Séptimo Vicio' saio ezagunak emanaldi berezia egin zuen Zinegoaken inguruan, eta Televisión Españolak eta EITBk ere bolo-bolo zabaldu dute festibala beren berrien saioetan.
Martxo osoan Zinegoak Euskal Herrian izango da oraindik ere ―Hedapenetan parte hartzen ari diren udalerrietan egingo diren emanaldiekin―, baina baita telebistan ere, izan ere Euskaltel festibaleko euskal film labur sorta bat eskaintzen ari da, doan, bere kable bidezko plataformaren bideoklubean.