'Louise Bourgeois. Izatearen egiturak: Gelak' erakusketea martiaren 18tik irailaren 4ra Bilbon ikusgai

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko mar. 17a, 00:00

Guggenheim Bilbao Museoak Louise Bourgeoisen lanak erakutsiko ditu martiaren 18tik, irailaren 4ra bitartean. Louise Bourgeois (1911-2010) artisteak bi hamarkadetan garatutako eskultura obra barritzaileenak izango dira Bilbon ikusgai.

Gelak museoen arloaren, eszenografiaren eta instalazinoaren arteko erdibidean kokatzen dira, eta honako gaiak lantzen ditue: memoria eta emozinoak, nahibagea, larritasuna eta bazterrean ixtearen bildurra. Espazio arkitektoniko berezi horreetan, artisteak topautako hainbat objektu (erropak, altzariak, eskultura bereziak eta abar) ipini, eta emozinoz betetako antzeztokiak osotzen ditu.

Erakusketa hau dala eta, Ietik VIra zenbatutako Gelak lehen aldiz batu ditue 1991tik, Pittsburgheko Carnegie International erakusketan lehen aldiz batu ziranetik. Cell berbea Carnegie-n erakusketea atontzen egozanean sortu zan. Bourgeoisentzako ingelesezko cell berbeak hainbat konnotazio zituan, kartzela edo monasterio bateko banakako ziega zein organismo bizidun baten zelula biologikoa esan nahi dauelako.

Bourgeois beraren berbetan, bere artea existentzialistea da eta guztiari zentzua emoteko balio deutso. Psikoanalisiko ariketa baten moduan, inkontzientean sakontzeko eta iraganeko alderdi jakin batzuk (batez be bere umezarokoak eta bere familia hartu-emonei lotuak) goraipatzeko balio deutso. Gelek sinbolismo bikotxa dabe eta gordeleku lez edo babes edo itxialdi espazio lez uler daitekez. Lan horreetan arte garaikidea bereizten daben hainbat alderdi buztartzen dira, besteak beste, alderdi objektuala, formala, espaziala, psikologikoa, esperientzia eta subjektibotasuna.

Gela gehienak iraganaren berreraikuntzak dira, eta berrerabilitako altzariak eta elementu arkitektonikoak erabiliz osotu dira, adibidez ateak, leihoak, alanbre-sareak, industria-edukiontziak, baita igogailu bateko kabinea be.

Gela horreen barruan artistearen testuinguru biografikotik hartutako objektuak topauko doguz askotan: lurrin-flaskoak, tapizak, lanparak, ispiluak eta kristalezko esferak, baita eskulturak be. Eskultura horreek, askotan, giza gorputzaren zatiak (eskuak, buruak, gorputz-enborrak) irudikatzen ditue. Barrutiotan, baita erakusketa honetan ikus daitekezan eta Gelen aitzindaritzat jo daitekezan obretan be, Bourgeoisek bere piezak sortzean erabilten eban ekuazino hutsezina beteten da: mina gitxitzen bada, tensinoa murrizten bada, konpulsinoa desagertzen bada eta mina kentzen bada, eskultureak funtzionauko dau.

Louise Bourgeois (1911–2010), XX. mendean itzal handienetakoa izan dauen artistea, bi hamarkadetan garatutako eskultura-obra barritzaileen eredu da. Bilboko Guggenheim Museoagaz lankidetzan Municheko Haus der Kunstek antolatutako erakusketa honetan, ikusleek barruko eta kanpoko munduak bereizten dituen eta, kasu bakotxean, mikrokosmos berezi bat irudikatzen daben emozinoz betetako 28 gune arkitektoniko ezagutu eta esperimentau ahal izango ditue. Bilboko erakusketea BBVA Fundazinoaren babesari esker egingo da.

Louise Bourgeoisen ideak eta barrikuntza formalak, besteak beste, artelanetan psikoanalisiaren eta feminismoaren inguruko nozinoak txertatzea, lanen kopapena ingurumen-instalazino lez taiutzea eta antzezpenagaz lotutako formatuak lantzea, gaur egungo artearen funtsezko elementu bihurtu dira. Horren adibide bikainak dira Gelak; Bourgeoisek serie hau 1986an Artikulatutako gordelekua (Articulated Lair) piezeagaz hasi eban, eta 60 artelan berezi inguruz osotua dago.

Osorik irakurri