Irabazi-tasaren logika kapitalista soilik posiblea izan daiteke langileak gero eta gehiago esplotatuz, gure inguruaren arpilatzea areagotuz, eta beste herriak zanpatuz eta hondamendira eramanez. Kolonizazioaz lehen, eta gerora inperialismoaz, kapitalismoak bere hedapen politiken bitartez, beste herrien opresioa eta arpilatzea muturreraino eraman duen sistema da. Eta horretarako, justifikazio ideologiko bat behar izan du: Mendebaldeko kulturaren eta arrazaren nagusitasuna. Historian aitzaki hauen adibide ugari aurki ditzakegu: europarrek "beltzez" beteriko kontinentea "aurkitu" zuten; Colonek "indio" ugari zituen beste kontinente bat "aurkitu zuen"; nazismoak, kapitalismoaren oniritziarekin, juduak eta ijitoak garbitzen saiatu zen… Interes kapitalistek talde hauen demonizazioa behar zuten herri hauek zanpatzeko.
Gaur egun logika makabro honetan mugildurik jarraitzen dugu: "giza aurpegiko gerrak", herri "atzeratuei" "mendebaldeko demokrazioa" esportatzeko "interbentzioak", "terrorismoaren aurkako gerra", "zibilizazioen arteko talka"… Geroz eta bizitzaren alderdi gehiagoren esplotazio eta merkantilizazioaren areagotzea bideratzeko eta planetako herri guztiak kontrolatzeko kapitalismo inperialistak erabiltzen dituen eufimismoak. Aitzakiak, noski, baina gizartean kutsua uzten dutena eta mendebaldeko nagusitasunaren ideia zabaltzen dutena. Era honetan, herri langilea menderatzeko mendeetako lan ideologikoek aberastasuna handitu eta konzentratzeko balio dute.
Eta hori gutxi balitz, justifikazio hauek onartzen jarraitzen dugu. Era berean, egunez egun logika kapitalistak eragiten dituen gerra inperialistetatik ihes egiten ari diren migrazio handien giza dramari begiratzen diogu ezer egin gabe. Ezbehar hau Europako herrien aurkako kapital euro-alemaniarraren xantaia bezala erabiltzen ari da, Greziako mugen itxiera kasu. Eta hemen bertan ikus dezakegu, demokraziaren sorlekua izateaz harro den Europa horretan, egiten duen gauza bakarra pertsonen mugimendua saihestea dela, kapitalen mugimenduari barrerak kentzen dizkion bitartean. Kapitala milioika pertsonen bizitzaren gainetik. Diskurtso arrazista eta xenofoboaren gainean eraikitako errealitatea, konsziente edo inkonszientea.
Denbora luzez jakin izan dugu krisi aldietan kapitalismoak errudun bat bilatzen duela bere logika hiltzaileagatik ez erantzuteko. Jakin badakigu ere, prekarizatuen dauden herri sektoreek amaitzen dutela ordaintzen: gazteek, emakumeek… eta batez ere pertsona migranteek. Eskubide ezberdinak dituzten pertsonez baliatzen dira lan baldintzak prekarizatzeko eta banaketa, mesfidantza eta gatazkak sortzeko langile klasearen baitan. 2008-2014 bitartean araudi bateria oso bati esker, irabazitako eskubide sozialak murriztuz eta eskuratzeko baldintzak gogortuz joan zaizkigu. Bereziki gogorra izanik pertsona migratuen kasuan. Adibideak, osasun zerbitzuen sarbiderako ezezkoetan, identifikazio arrazistetan, lan munduan jasaten duten bereizketan, laguntza sozialak jasotzeko errolda urteen luzapenean…
Martxoaren 21ean, Nazioarteko Arraza Diskriminazioaren Aurkako Eguna ospatzen da. Egun horretan, 1960an, Shapervillen, Hegoafrikan, "apartheidaren ley de pases" delakoaren aurkako manifestazioa burutzen ari zela, poliziak tiroz 69 pertsona hil zituen. Mende erdia beranduago, gure herrian, miseriazko diru laguntzak jasotzen dituzten pertsonak bilatzera bultzatzen gaituzte, liskarretan sar gaitezen, beraien azal kolorea edo jatorriarengatik. Esnatzeko ordua da, kontzientzia hartu eta sistemari aurre egiteko ordua. Gure herrian arrazakeria eta xenofobia gainditzeko borroka ideologikoan zein praktikan aurrera egitea, munduko beste herriei laguntzeko erarik hoberena da.
Maiatzak1egin!-ek borroka honek beste borroka bat ezin duela izan uste du, baizik eta borroka guztietan transbersala izan behar da. Horregatik herri mugimenduari eta langile klaseari dei egiten diegu kalera atera daitezen eta martxoaren 21 honetan burutuko diren mobilizazio guztietan parte hartu dezaten.