Bilbora heldu da Angelica Dassen 'Humanae-Work in progress' argazki erakusketa

uriola.eus 2016ko mar. 21a, 09:30

Arraza-bereizkeria mota guztiak desagerrarazteko Nazioarteko Eguna dela eta, Bilboko eta Getxoko Udalek, Angelica Dassen HUMANAE-Work in Progress argazki-erakusketa inauguratuko dute gaur.

Giza larruaren tonu ezberdinetan oinarrituta, dibertsitatearen alde eta arrazakeriaren kontra proiektu globala egiten ari da nazioarteko proiekzioa duen Angelica Dass artista; eta proiektu horretarako Bilbon 2015eko azaroan hainbat argazki egin zituen, besteak beste, 56 bizkaitarren erretratuak.

Horiek orain erakusketan ikusgai egongo dira. Sei kubo handi egongo dira, oinezkoen alderdian, tranbiaren bidetik hurbil, Uribitarte pasealekuan, tranbiaren Pio Baroja geltokitik Zubizuriraino. 

Jatorri brasildarra duen argazkilariak Bilbao Arteren egoitzan egindako argazkiak ez ezik, giza larruaren tonalitateak islatzeko proiektuan jasotako edozein adin, erlijio eta jatorritako pertsonen irudiak ere ikusgai egongo dira. Giza larruaren tonu ezberdinak dituzten pertsonen erretratuez osatutako inbentario kromatikoa da, dagoeneko lau kontinentetan ikusgai egon dena, eta kontinente guztietara heltzeko xede duena. Erretratuak egiteko saioetan planeta guztiko 3.000 pertsona baino gehiagok parte hartu dute.

Hogei hiritara heldu da proiektua. Horien artean Madril, Bartzelona, Bilbo, Getxo, Chicago, Pittsburg, Vancouver, Paris, Rio de Janeiro, Sao Paulo, Winterthur, Addis Abeba, Valparaiso, New Dheli, Kordoba (Argentina) eta Groningen daude.

 

Sormen prozesua

2015eko azaroaren 25ean eta 27an Angelica Dassek argazki-estudioa sortu zuen arrazakeriaren aurkako eta aniztasunaren aldeko proiektuarekin bat egin nahi zuten hamaika boluntariori erretratuak egiteko. Sorbaldak agerian erretratuak egin zizkien brasildar argazkilariak. Erreferentetzat sudurraren kolorea hartu zuen, erretratuaren atzeko aldean tonu bera agertuz. Behin hori eginda mosaiko globalerako erabili zituen eta horixe da, hain zuzen, orain kalean jarriko duen erakusketa.