'Zu ere txistulari' ikuskizuna aurkeztuko du Bilboko Txistulari Bandak

uriola.eus 2016ko mar. 23a, 08:45

Bilboko Udal Txistulari Banda

Joserra Gutierrez konposatzaileak prestatu duen obrak emango dio amaiera txistularien neguko denboraldiari gaur, hilak 23, Euskalduna Jauregian. Ekitaldia 20:00etan hasiko da A3 aretoan. 

Bilboko Udal Txistularien Bandak urrezko amaiera egingo du neguko kontzertuen zikloen harira. Joserra Gutierrezen proiektu berri eta berezia izango da Euskalduna Jauregian estreinatuko dena, sarrera libre eta doakoarekin bihar bertan.

Garikoitz Mendizabal izango da obraren zuzendaria, Idoia Kareaga, Gorka Zabaleta, Sabin Bikandi eta Asier Garcia txistularien laguntzaz. Horrekin batera, Mariano Santamaria izango da pianojolea, Amaiur Carajaville kontrabaxuan eta Idoia Uraldi abeslaria. 

Kontzertua bandak eskainiko dituen hainbat pieza herrikoiekin hasi eta amaituko da. Egitarau osoan zehar, ikus-entzuleen laguntza ezinbestekoa izango da. Ikus-entzuleek errepertorioko bi abesti ezagun abesteko aukera izango dute, Maitia nun zira eta Maiteak galdegin zautan kantak hain zuzen. 

Joserra Gutierrez konposatzailearen hitzetan: "Ni ikus-entzulea banintz, ni harritzea gustatuko litzaidake, betiko musika eta txisturako inoiz idatzi ez den musika entzutea nahiko nuke, parte hartu nahiko nuke; txistuak eskaini dezakeen birtuosismoa erakusten duten piezak entzun nahiko nituzke, ohikoak ez diren estiloetan txistua entzun nahiko nuke, une paregabea bizi izan dudala sentitzea gurako nuke, kontzertua irribarre batekin gogoratuz. Horregatik, biribilketa bat, ezpata-dantza bat, pianorako eta Txistu Bandarako piezak, folk musika, txisturako eta base erritmorako piezak inprobisazioekin, abestiren bat eta ikus-entzuleak parte aktiboa izango diren piezak entzun ahal izango ditugu".

Argazkian Joserra Gutierrez

'Zu ere txistulari' - Egitaraua 

Hator gurekin

Odolik gabeko dantza

Zortzikotik hona

Bosnakoa

Aita San Miguel

Nere herriko neskatxa maite... Benito Lertxundi. Mold.: Joserra Gutierrez

Nahasia

Bilboko Bihotza

Zu ere txistulari

Maitia nun zira... Popular. Arr.: Joserra Gutierrez

Maiteak galdegin zautan... Popular. Arr.: Joserra Gutierrez

Burutik jota

Txistukada

Dabilen harriari