Miribillako osasun-zentro berriak 11.115 biztanleri arreta emango die apirilaren 4tik aurrera

uriola.eus 2016ko mar. 23a, 12:42
Argazkiak: Osakidetza ‏@osakidetzaEJGV

Osasun-zentro "moderno eta handia" inauguratu dute gaur Miribilla auzoan. Hogeita bost profesional arituko dira lanean bertan 8:00etatik 20:00etara. Bilbon haur gehien dagoen auzoa izaki, pediatriako lau kontsulta eta pedriatriako erizaintza zerbitzua eskainiko ditu, besteak beste. 

Osasun-zentro berriak 2.000 metro koadro ditu (Bilboko Udal Etxebizitzak zerbitzuarekin egindako itun baten bidez eraiki dira) eta Miribillako biztanleei emango die arreta, orain arte inguruetako beste osasun-zentro batzuetara joan behar izan direnak. Hala, auzokoen osasun-arreta zentro bakar batean zentralizatuta egongo da aurrerantzean.

Eusko Jaurlaritzako lehendakari Iñigo Urkulluk Bilboko Udalaren eta Eusko Jaurlaritzaren arteko lankidetza nabarmendu du, bilbotarren mesedetan delako; izan ere, osasun-azpiegitura berriari esker, Miribillako 11.000tik gora biztanleek osasun-arreta "nabarmen hobea jasoko dute". Gainera, Osakidetzaren osasun-zentro berria martxan jartzeak lanpostu berriak sortuko ditu, "orain arte eskainitako osasun-zerbitzuak indartu eta handituko direlako".

Lehendakariak esandakoaren arabera, 3.100.000 euroko inbertsioa egin da Osakidetzaren osasun-azpiegitura berrian, "Bilboko auzo horretako biztanleei orain arte baino osasun-arreta hobea eskaintzeko; Bizkaiko hiriburuko auzo jendetsuenetako bat izan arren, ez zuen auzoko guztiak arta zitzakeen osasun-zentrorik, eta bertakoak inguruko auzoetako osasun-zentroetara joan izan dira orain arte".

Horrenbestez, Miribillako osasun-zentro berriak, San Luis Meategiaren kalean kokatutakoak, Saralegiko zentroaren erabiltzaileak hartuko ditu, jarduteari utziko diolako, hala nola San Adrian osasun-zentroari esleituta zeudenetako batzuk. Era horretan, orotara, 11.115 auzotarrek jaso dute arreta bertan (8.665 helduk eta 2.450 haurrek). Horietatik 4.500ek Saralegiko osasun-zentroan jasotzen zuten arreta, eta 6.500ek San Adriangoan.

Iñigo Urkullu lehendakariak adierazi duen legez, "osasun-zentro berria etorkizunera begira eraiki da, biztanle gazteen beharrak kontuan hartuta"; ondorioz, pediatria-zerbitzua indartuko dela iragarri du, Miribilla auzoa delako Bilbon haur-ehuneko handiena duen eremuetako bat, zehazki, Bilboko auzo batzuetan halako bi.

Miribillako osasun-zentroan 25 profesional jardungo dira arreta ematen 8:00etatik 20:00etara, eta, osasuneko azpiegitura horri esker, 5 lanpostu sortuko dira: pediatra bat, bi erizain, erizaintzako laguntzaile 1 eta administrari laguntzaile 1.

Bestalde, Bilboko alkate Juan Mari Aburtok eskerrak eman dizkio Eusko Jaurlaritzari Bilbok osasun-azpiegitura berri eta modernoa izan dezan egin duen ahaleginarengatik, eta erakundeen arteko lankidetza nabarmendu du, "bilbotarrei eskainitako zerbitzu publikoa hobetu duelako".

Osakidetzako osasun-zentro berriak 2.000 metro koadroko azalera du. Lehen fasean, 1.350 metro koadro erabiliko dira, Lehen Mailako Arreta abian jarrita. Bigarren fasean, zenbait espezialitate hasiko dira jardunean (Dermatologia, Oftalmologia, Errehabilitazioa, Ginekologia, etab.) eta, besteak beste, errehabilitaziorako gimnasio bat egongo da erabilgarri.

Beheko solairuan daude sarbidea eta administrazio-saila, familia-medikuntzako 12 kontsulta, pediatriako eta erizaintza pediatrikoko 4 kontsula, sendaketa-gela, proba funtzionalen gela eta lagin analitikoak eskuratzekoa, emaginaren kontsulta, erditzea prestatzeko eta jarduera komunetarako erabilera anitzeko gela bat eta itxaron-gela bat. Halaber, aldagelak, liburutegia, biltegia, instalazioen gela eta komunak ditu. Lehen solairuan, 50 lagunentzako ikasgela bat eta sarbide mugatuko historia klinikoen fitxategia daude.

Aste Santuaren ostean, ate irekien jardunaldia egingo da, auzokoen osasun-zentro berria bisitatu dezaten. Apirilaren 1ean hasiko dira Saralegiko zentroko ekipamendua eta dokumentazioa lekualdatzeko lanak, zentro berriak apirilaren 4an, astelehena, ireki ahal izan ditzan ateak.