Kobetamendiko autokarabana-aparkalekua berrituta eta handituta irekiko dute

uriola.eus 2016ko mar. 23a, 16:20

Hobetzeko obrek 80 partzela gehiago jartzeko aukera eman dute. Guztiek dute konexio elektrikoa eta edateko ur-hargunea. Iaz, 4.600 ibilgailuk baino gehiagok erabili zituzten instalazioak, hau da, %120ko gorakada egon zen.

Kobetamendiko autokarabana-aparkalekuak ateak ireki ditu 2016ko aldirako. Berriztatu egin da, eta horri esker, plazen kopurua handitu da eta autokarabanan ibiltzen diren pertsonen erosotasun-baldintzak hobetu dira. Beraz, aparkalekuak orain 80 partzela ditu, eta guzti-guztiek dute konexio elektrikoa eta edateko ur-hargunea. Gainera, bertan, 24 orduko zaintza dago eta ur grisak eta ur beltzak husten dira.

Autokarabanak, gehienez ere, 72 orduz egon daitezke aparkatuta, eta ibilgailu bakoitzeko 15 euroko tarifa ordaindu beharko dute egunero. Aparkalekua 2017ko urtarrilaren 9ra arte egongo da irekita, baina uztailaren 7an, 8an eta 9an ospatuko den Bilbao BBK Live Jaialdia baino lehen eta ondoren itxita egongo da. Aldi horretan, aparkatzeko beste eremu bat irekiko da.

 

Karabanak, goranzko joera duen turismo mota

Kobetamendiko autokarabana-aparkalekuaren aldia luzatuz, etengabe hazten ari den turismo mota horri erantzun nahi dio Bilboko Udalak. Iaz, 11.292 sarrera erregistratu ziren. Bisitarien %25 inguru estatuko beste erkidego batzuetatik etorri ziren. Horrez gain, atzerritik zetozenei dagokienez, batik bat, Herbehereetatik (%16), Frantziatik (%15), Alemaniatik (% 15) eta Italiatik (%12) etorri ziren.