Gaur, martxoaren 29an, Lied zikloa itzuliko da Arriagako Gelatxoetara (20:00), izan ere Carol Garcia mezzosopranoak eta Ruben Fernandez Aguirre pianistak emanaldia eskaniko dute, errezitatzaile gisa arituko den Lander Iglesias antzezleak lagunduta. Elkarrekin Granados en París programa interpretatuko dute, Enrique Granados konpositorearen musikari helduta, bereziki Parisen bizi zuen garai labur baina emankorra gogoratzeko.
Carol Garciak Granadosen musika-alderdirik ezezagunena jorratuko du, besteak beste Yo no tengo quien me llore, Canto gitano edo Canción bezalako kantak abestuta, zuzenean gutxi entzun ohi direnak. Gainera, garai hartako beste artista batzuen doinuak ere entzungai izango dira kontzertuan, hala nola Faurerenak, Ravelenak edota Albenizenak.
33 urte besterik ez dituela, Carol Garcia operaren munduan indartsu datorren gaztea da eta dagoeneko hainbat herrialdetan abesteko aukera izan du. Sari desberdinak jaso ditu baita ere, iazko abeslari berri onenari Opera Actual sari garrantzitsua esaterako.
100 urte Granados hil zenetik
Kontzertu hau Enrique Granados hil zenetik 100 urte betetzen direnean ospatuko da. Izan ere, 1916ko martxoaren 24an hil zen, Mantxako Kanalean, I. Mundu Gudan, Alemaniako itsas armadak itsasontzi zibil hura erasotu zuenean. Artista New Yorketik bueltan zetorren hango MET ospetsuan Goyescas opera aurkeztetik.
Sarrerak
8 eta 12 euro artean salgai daude sarrerak www.teatroarriaga.com helbidean, 946 850 850 telefonoaren bitartez edo antzokiko txarteldegietan, aurretiazko salmenta ordutegian.