Amiantoa aurkitu dute Bilboko bost eraikinen fatxadetan

uriola.eus 2016ko mar. 31a, 09:44

reformalaboral.blogsiga.net

Marta Ajuria, Ogasun zinegotziak, azken urteetan egindako analisien berri eman bezala, Bilboko bost eraikinen aurrealdean beste material batzuekin batera amianto zuntzak aurkitu direla azaldu du. Zinegotziak argitu bezala, material horiek "ez dute pertsonengan inolako arriskurik suposatzen".

2011ko urriko Udalbatzako osoko bilkuran, Bilduk egindako mozioaren harira, udal gobernuak amiantoa zeukaten udal eraikinen inbentario bat egiteko hautua egin zuen. Azken urteotan eraikin horien fatxadak aztertu ostean, Ogasun zinegotziak aditzera eman du Bilboko bost udal eraikinek amiantoa daukatela aurrealdean "beste material batzuekin batera nahasia". 

Eraikin horiek Altamirako auzo-etxea, Masustegiko udaltegia, Zabalbideko ur-gordailua, San Rokeko ermitako sabaia eta Montañoko formazio zentroa dira. Horietaz gain, Kastrexanako eskolako komunetan ere amiantoa aurkitu dute, nahiz eta komun horiek itxita mantendu aspalditik. 

Egiteke dauden lanek 42.000 euroko kostua dute. Ajuria zingotziaren arabera, "epe laburrean" burutuko dira, nahiz ez dagoen data finkorik. Ajuriak lasaitasun mezua zabaldu die bost udal eraikinen erabiltzaileei: "Amiantoa ez da hauskorra. Amiantoak ez du zuntzik askatzen, eta hortaz ez dago osasunarentzat arriskurik". 

 

Amiantoaren kontrako bidea

Udalbatzak 2011ko urrian hartutako konpromisoa baino lehen, ikastetxeetan ikuskapenak egin zirela gogoratu du Ajuriak, Udalberrik eskatutako azalpenei erantzunez. Orduan, laborategietako zenbait sareta ordezkatu ziren.

2012an Bilboko Udaleko hainbat sail barnebiltzen zituen batzordea eratu zen amianto kasuak identifikatzeko eta, bere aginduz, txosten xehatu bat osatu zen. Bertan "premiazko kasuak" eta "denboran programa zitezkeenak" desberdindu ziren. 

2013an, 70.473 euro inbertitu zituen Udalak premiazkoak ziren kasuei erantzuteko, besteak beste, Aznar eraikinean, Gordonizko zubiko behealdean, Elorrietako ponpa-etxean eta Otxarkoagako Goya zentroan. Premiazkoak ez ziren beste kasu batzutan ere esku hartu zuen Udalak. 

2014an, 74.239 euro bideratu zituen Udalak amiantoa kentzera, esaterako, Abandoko barrutian, Olabeagako eta Masustegiko auzo etxean eta Bilbao Turismoren bulegoan.

2015ean, Udaletxe ondoko eraikinean esku hartu zuen, Zorrotzaurreko Betaren eraikinean, Otxarkoagako auzo etxean eta Bilbao Musikaren egoitzan. 121.774 euroko diru partida bideratu zuen lan horietara. 

 

Iturria: otxarkoaga.es