Hitzordua apirilaren 30ean, larunbatean, izango da, arratsaldeko 18:00etan, Campos Eliseos Antzokian. Jose Rafael Pascual Vilaplana zuzendari titularrak zuzenduko du Bandako 45 interprete baino gehiagori, Juana Guillem Espainiako Orkestra Nazionaleko flauta nagusiaren maisutasuna bakarlari gisa gehituko zaien kontzertu berezia. Taldeko bi interprete ere bakarlari gisa arituko dira; Iñaki Gurruchaga (piccolo) eta Juan Jesus Silguero (flauta).
Nazioarteko egile, denda espezializatu eta editore hoberenak eta musika tresna horren profesionalak eta zaleak elkartuko dira Asociacion de Flautistas de España (AFE) izenekoak antolatzen duen eta beste batzuen artean Juliette Hurel, Jacques Zoon edo Peter Lukas Graf bezalako musika tresna horretako figura handiak elkartuko dituen kongresu horretan.
Udalak lagunduko dio Juan Crisostomo de Arriaga Kontserbatorioak hiru egunez flautarekin erlazionatutako hitzaldiz, maisu klasez eta bestelako jarduerez beteko duen kultur ekitaldiari. Konbentzioaren barruan, Iberiar Penintsulan bizi diren eta goi mailako ikasketak egiten ari ez diren 20 urtetik beherako flauta joleei zuzendutako III. Lehiaketa ere egongo da.
Musika Bandaren zuzendari titularrak oso egitarau berezia diseinatu du kontzertu horretarako. Hasieran, 1885ean haize ensemblerako eta flauta jole bakarlariarentzako Charles Gounodek idatzi zuen Petite Symphonie entzungo da. Flauta jole bakarlaria Juan Jesus Silguero Bandako interpretea izango da.
Ondoren, flautinerako O canto do Rouxinol polka anonimoa eta Samuel Pascoal konposatzaile portugaldar gaztearen Concertino para flautín entzun ahal izango dira, bigarren hori Iñaki Gurruchaga Bandako bakarlariarekin.
Kontzertuaren bigarren parterako, Pascual Vilaplanak, 1966an Joaquin Rodrigok idatzi zuen Adagio for wind instruments aukeratu du. Kontzertuaren lehen parteari hasiera emango dion lanarekin gertatuko den bezala, lan hori ez du banda osoak interpretatuko, haize musika tresnek baizik. Amaitzeko, Juana Guillem bakarlariak, Mike Mower konposatzaile eta flauta jole ingeles garaikidearen Concerto for flute and wind orchestra interpretatuko du, musikari guztiekin batera.