Iker Egiraunen auzia "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiatzat jo dute

uriola.eus 2016ko mar. 31a, 11:45

Babes zabala jaso du Iker Egiraun gazteak epaitegiko sarreran. Bi urte eta erdiko espetxe zigorra eta 120.000 euroko isuna eskatzen dio Fiskaltzak 2014ko Global Forum Spain bilkuraren aurkako istiluetan parte hartzeagatik. Auzia "muntaia" dela salatu du Egi Libre plataformak. Hain zuzen ere, "borroka soziala kriminalizatzeko" eta "gaztedia desaktibatzeko" estrategiaren baitan kokatu du.

Gazte ugari, gizarte erakundeetako ordezkariak edota LAB sindikatuko eta EH Bildu koalizioko kideak bildu dira, besteak beste, Buenos Aires kalean, epaitegiaren aurrean gaur goizean 'Martxoaren 3an guztiok egon ginelako Egi libre' lelopean. Guztira, 200 lagun inguru. Elkarretaratzea Iker Egiraun Egi-ren epaiketak iraun bitartean luzatzeko asmoa azaldu dute Egi Libre plataformako kideek.

11:00etarako minutu gutxi falta zirela sartu da Iker Egiraun auzitegira elkarretaratzean parte hartu duten lagunen txalo eta animo oihuen artean. Gaurko elkarretaratzea "elkartasun keinu" gisa ulertu dute bertaratu direnek, eta auziaren atzean dagoen "muntaia" salatzeko baliatu dute: "Borroka soziala kriminalizatzeko beste epaiketa bat da. Estatuaren estrategiari jarraituz lortu nahi dute gaztedia deskatibatzea. Pentsatzen dugu muntaia bat dela eta gazteen desaktibatzera bideratuta dagoela".

Egiraunen aurkako akusazioa "ezerezean" geratzea espero du plataformak. "Hori da gure itxaropen nagusia", azaldu dute plataformako kideek.

Bilkura, protestak, istiluak eta atxilotuak

2014ko martxoaren 3an, Troika osatzen duten erakundeetako ordezkariek Goi Bilera egin zuten Guggenheim Museoan. Bilkura hasi aurretik, bitartean eta ondoren, hainbat protesta egon ziren Bilbon "egoera ekonomikoa salatu eta Troikari ez zela ongi etorria gogorarazteko".

Kale Nagusian izan ziren istilu gogorrenak eta banketxe zein multinazionalen kontra egin zuten manifestariek, "sistema kapitalista-heteropatriarkalaren eskaparateen aurka". Hainbat izan ziren atxilotuak, 13 guztira, tartean Egi. Bi urte geroago, fiskalak bi urte eta erdiko espetxe zigorra zein 120.000€-ko isuna eskatzen du Egi-rentzat.

[2016-03-31] Iker Egiraun gaur epaituko dute Troika Bilbon izan zeneko istiluen harira

[2014/03/03] Troikaren Goi Bilera salatzeko manifestazioko argazkiak