Zorrotzaurreko Master Plana-ren ardura ez ezik Bilbon altxatzekoa den "eraikin berezi" baten diseinuaren ardura ere jaso zuen Zaha Hadidek. Atzo, Ibon Aresoak esan bezala, "ez dakigu proiektuarekin aurrera egingo duen Hadiden estudioak".
Zorrotzaurreko penintsula irla bihurtzeko Master Plan bezala ezagutzen dena Zaha Hadid arkitektuaren diseinua da (2004). "Garrantzitsua iruditzen zaitzaigun Bilbok emakume arkitektu baten obra edukitzea", adierazi du orduan Hirigintza zinegotzi zen Aresok Hadiden heriotzaren berri izatean. Plana 2007an berraztertua izan zen. Bere ezaugarri nagusia Deustuko Kanalaren irekiera da, penintsula uharte bihurtuz, "inguruan uholdeak gertatzen ez direla bermatzeko", Zorrotzaurreko Batzorde Kudeatzailearen arabera.
Hadiden planak hainbat aldaketa izan ditu. Esaterako, diseinatu zituen hamar zubiren ordez, azkenik, hiru bakarrik eraikiko dira.
Lotura "betirako"
Bilboko Udalak bere doluminak agertu ditu Hadid hil dela jakin bezain laster. Juan Mari Aburtok "XXI. mendeko erreferente bat" galdu dela zehaztu du. "Bere izena beti egongo da Bilboko hiriari lotuta eta haren memoriak bizirik iraungo du Zorrotzaurre egi bihurtzean", adierazi du alkateak.
Argazkia: flickr.com/photos/magnishimura