Gaur hasiko da 'Matematikak eguneroko bizitzan' zikloaren XIII. edizioa

uriola.eus 2016ko api. 7a, 09:26

Gaurtik aurrera, apirilak 7, Bidebarrieta Kulturgunean 'Matematikak eguneroko bizitzan' zikloaren XIII. edizioa ospatuko da. Bertan, lehen mailako ikerlariek eta matematikariek dinamizatuko dituzte egingo diren lau hitzaldiak. 

Udalak antolarik, EHUko eta Real Sociedad Matemática Españolak parte hartuko dute matematiken inguruko programaren baitan. Bertan, apirileko ostegun guztietan Bidebarrietako Udal Liburutegiko ekitaldi aretoan generoa lantzen duten lau hitzaldi ezberdin egongo dira. 

Saioak Bidebarrieta Liburutegiko ekitaldi aretoan izango dira, arratsaldeko 19:30etik aurrera, eta sarrera librea izango da leku guztiak bete arte –ez da baimenduko aretora sartzerik ekitaldia hasi ondoren–. Aurreko edizioetan egon den ikus-entzule kopuru handia dela eta, hitzaldi guztiak zuzenean jarraitu ahal izango dira www.kulturguneatb.net webgunearen bitartez.

Lehenengo hitzaldia, 'Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más', gaur eskainiko du Javier Duoandikoetxeak, doktore Madrilgo Unibertsitate Autonomotik eta UPV/EHUko Analisi Matematiko katedradunak. Bertan, matematikek teknologia modernoaren hainbat alderditan duten parte hartzean oinarrituko da. Irudi digitalak zenbakiek ematen dituzte, eta horiek gordetzeko, transmititzeko, aldatzeko… metodo matematikoak erabiltzen dira. Sartzerik ez dagoen lekuetan irudiak lortzeko teknikek ere, matematikek oso leku garrantzitsua betetzen duten prozedurak erabiltzen dituzte. 

Bigarren jardunaldiko protagonista Marta Casanellas da, Universitat Politècnica de Catalunyako irakaslea. Bere ikerketaren ildo nagusia aljebrako eta geometriako teknikek filogenetikan duten erabileran zentratzen da. Bere hitzaldia aldiz, matematikek espezieen eboluzioan bete duten lekuan zentratuko da, eta zehatzago esanez, espezieen eboluzio prozesua berreraikitzeko arazoari ekiteko orduan teknika matematikoen erabilera azalduko du.

Programazioak apirilaren 21ean jarraituko du, Alan Turing matematikari eta informatikaren genio britainiarraren bizitzari eta lanari buruzko saioarekin. Konputazioaren munduak eman duen pertsonaiarik nagusietakoa da. Hitzaldia, Consejo Superior de Investigaciones Científicas izenekoaren Matematika saileko Manuel de Leónek emango du. Hizlariaren ikerketa lana Geometria Diferentzialean eta alor horrek mekanikan dituen aplikazioetan zentratu da. 

Aurtengo edizioa apirilaren 28an amaituko da, Ikerbasqueko Urtzi Ayesta ikerlariak eskainiko duen 'Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko bat: telegrafotik Internetera' hitzaldiarekin. Euskaraz eskainiko den azken saio horrek, telegrafo elektrikotik edo telefonotik Internetera edo Facebook edo Twitter bezalako sare sozial ezagunetara izan den garapena posible egin duten lorpen matematikoak aztertuko ditu.

Egitaraua

Apirilak 7, osteguna: 'Matemáticas en las imágenes: fotografías, huellas dactilares, escáneres y más' Javier                                 Duoandikotxearen eskutik (EHU)

Apirilak 14, osteguna: 'Las mátematicas de la evolución de las especies' Marta Casanellasen eskutik                                            (Universitat Politécnica de Catalunya)

Apirilak 21, osteguna: 'Vida y legado de Alan Turing' Manuel de Leónen eskutik (ICMAT-CSIC, Madril)

Apirilak 28, osteguna: 'Sareek eta komunikazioek mundua nola eraldatu duten ikuspegi historiko eta zientifiko                              bat: telegrafotik internetera' Urtzi Ayestaren eskutik (Ikerbasque/ CNRS- LAAS,                                        Toulouse)