4.900 plaza eskainiko dituzte ume eta gazteentzako 2016ko udalekuen programetan

uriola.eus 2016ko api. 4a, 12:00

Bilboko Udalak 4.888 plaza eskainiko ditu 3tik 17 urtera bitarteko ume eta gazteentzat euren aisialdian parte har dezaten 'Udalekuak', 'Udako Jolastokia' eta 'Udan primeran kirola eginez' programetan.

Programa horietan dinamika atseginak eta entretenigarriak eskaintzen dira euren hezkuntza eta gizarte mailako prozesurako, eta aukera ematen zaie jarduera ludikoak eta kirola egiteko. Era berean, programazio honen bidez, euskararen eta ingelesaren erabilera bultzatuko da aisialdian ere. Azkenik, gurasoei familia eta lana bateratzeko aukera ematen zaie umeak oporretan dauden bitartean.

Udalekuak eta Udako Jolastokia

Udalak bihar, apirilak 5, zabalduko du 'Udalekuak' eta 'Udako Jolastokia' programetan aurreinskripzioa egiteko epea. Epe hori hilaren 11n amaituko da. Programa horiek Gazteria eta Kirol Sailak antolatu ditu eta ekaineko azken astetik iraileko lehenengora arte gauzatuko dira.

Aurten jardueren lema "Bost zentzumenez ondo pasatzen" izango da eta gastronomiaren ingurukoak izango dira jarduera guztiak. Ikuspuntu zabal batetik, kultura, inguruarekiko erlazioa, natur baliabideak, elikagaien osaera eta artea (pintura eta argazkiak) ere landuko dira.

Eguneko Udalekuak

Eguneko Udalekuak 6 eta 11 urte bitartekoentzat da, 2004-2009 urte bitartean jaiotakoentzat. 2.085 plaza eskaini dituzte honela banatuta:

Aurreko urteetan bezala, 'Eguneko Udalekuetan' familiek astebete, bi edo hiru aste aukeratu ditzakete ekaineko azken astetik hasita eta iraileko lehenengo astean amaituta. Uztailean hilabete osoan dago eskaintza. Abuztuan Aste Nagusiko astean, hilaren 22tik 26ra ez da programa egongo; beste asteetan bai.

Hizkuntza nagusia ingelesa izango da. Uztaileko lau asteetan ingelesa eta euskara konbinatuko dira: goizez eta jatorduan ingelesa erabiliko da eta arratsaldez euskara.

Ordutegia malgua izango da: sarrera 9:00etatik 9:30era bitartean eta irteera 16:00etatik 16:30era bitartean.

Udako Jolastokia

'Udako Jolastokia' programan 688 plaza eskaintzen dira, 3 eta 5 urte bitarteko umeentzat 2010-2012 urteetan jaiotakoentzat. Umeek astebete edo bitan har dezakete parte, uztaileko lehenengo aste bietan. Jarduerak bi hizkuntzatan izango dira izango dira. Hala ere, euskara izango da komunikaziorako hizkuntza nagusia. Plazak Bilboko zortzi barrutietan eskaintzen dira. Aste bakoitzean plaza-kopuru hauek hain zuzen: 24 plaza Abandon, Sanchez Marcos LHIn; 40 plaza Zazpi Kaleetan, Arategizar kaleko 2an; 56 plaza Deustun; 56 plaza Castañosen; 24 plaza Otxarkoaga; 56 plaza Begoñan; 48 plaza Iralan eta 40 plaza Zorrotzan.

Aldez aurretik izena emateko hiru modu daude: Udalaren webgunearen bidez, herritarrei informazioa emateko 010 / 944 010 010 telefonoaren bidez edo 'Bilbao Klik' bulego elektronikoen bidez. 'Bilbao Klik' bulego elektronikoak hemen daude: Txurdinagako, Otxarkoagako, Ibaiondoko, Deustuko, Begoñako, Santutxuko, San Frantziskoko, Basurtuko, Zorrotzako, Errekaldeko, Castañoseko, Iralako, Uribarriko, San Ignazioko eta Abandoko udaltegietan eta San Agustin eraikinean.

Programa bietarako plazen zozketa apirilaren 13an (asteazkena) izango da. Eta inskripzioa apirilaren 14tik 20ra bitartean egin ahalko da. Udal udalekuetan nahitaezko baldintza da umeak Bilbon erroldatuta egotea.

Informazio gehiago www.bilbao.eus helbidean, herritarrei informazioa emateko 010 / 944 010 010 telefonoan eta Gazteria eta Kirol Saileko telefono hauetan: 94 420 42 22 / 94 420 43 95 / 94 420 43 94.

Udan primeran kirola eginez

Bilbao Kirolakek antolatutako 'Udan primeran kirola eginez' programaren helburua kirolaren praktika bultzatzea da umeen artean eta, horretarako, kirol askoko plan ludikoa eta atsegina eskaintzen du ekaineko azken astetik uztaileko azkenekora arte.

Aurtengo eskaintza, euskaraz eta gaztelaniaz, honela dago banatuta: alde batetik, dibertsitate funtzionala duten 6-17 urteko gaztetxoentzat 60 plaza egongo dira eta, bestetik, 1.845 plaza 6-12 urteko umeentzat eta, azkenik, 210 plaza 13-15 urteko gaztetxoentzat.

Dibertsitate funtzionala duten 6-17 urteko gazteentzako programa Errekaldeko eta San Ignazioko kiroldegietan gauzatuko da, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Jarduerak, berriz, hauek: ur-jokoak, igerilekua, saskibaloia, futbola, areto-futbola, beisbola, herri-kirolak, tenisa, esku-pilota, pala eta jarduera osagarriak.

Bizkaiko Kirol Egokituaren Federazioaren bitartez eman behar da izena, 94 441 31 81 telefonora deituta.

6-12 urteko umeentzako 'Udan primeran kirola eginez' programa Artxandako, Deustuko, San Ignazioko eta Txurdinagako kiroldegietan egingo da, jarduera hauekin: ur-jokoak, igerilekua, jolas ezagunak, taldekako kirolaren hastapenak, herri-kirolak, tenisa. Padela (Artxanda eta San Ignazio) edo esku-pilota eta pala.

13-15 urteko gazteentzako programa Errekaldeko kiroldegian egingo da, 09:00etatik 14:00etara bitartean. Jarduerak: ur-jokoak, taldeko kirola, herri-kirolak, tenisa, esku-pilota eta pala eta jarduera osagarriak. 

Kirol-kategoria bietan izena emateko epea maiatzaren 17an hasiko da Bilbao Kirolak-eko abonatuentzat eta maiatzaren 19an abonatuak ez direnentzat. Inskripzio guztiak zein-nahi kiroldegitako salmentarako makinetan egin behar dira edota www.bilbaokirolak.com web orriaren bidez.