Esne Beltza taldeak egin dau aurtengo Herri Urratseko kantua

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 5a, 00:00

Esne Beltza taldeak egin dau aurten, maiatzaren 8an, Senpereko lakuaren inguruan egingo dan Herri Urratseko kantu alaia, B. Etxepare eta Oihana ikastoleko gazte eta umeen parte-hartzeagaz. Baxoa euskaraz aldarrikapena be egin dabe kamisetetan idatzitako mezua tarteko. Kliparen egilea Joana Asurmendi izan da Ateka Films arduratu da produkzinoaz.

1984an sortua, Herri Urrats alkarteak urtero, maiatzaren bigarren domekan Senpereko lakuan, Herri Urrats jaia antolatzen dau. Lehenengo urtean, 500 lagun batu ziran baina urtetik urtera arrakastatsuagoa izan da. Gaur egun Euskal Herriko euskalzale guziak batzen dira euskerea eta Seaskako ikastolak babesteko.

Iparraldeko ikastolen aldeko jai honen helburua dirua batzea da, Seaskak behar dauen finantzabidea, lanak edo eraikin proiektuak dituen ikastolak laguntzeko.

Aurtengo helburua Bernat Etxepare Lizeoa izango da, izan be, eraikin barri bat sortzeko proiektu bat abian da ikastetxe barria 2017rako kokapen horretan izan daiten. Eraikin barri honetan Seaskako lehen sare profesionala edegiko da, Ipar Euskal Herriko ume eta gazteentzako euskeraz ikasteko eskaintzea zabaltzeko helburuagaz.

Lizeoak euskerazko lehen idazle ezagunaren izena dauenez, horren esaera ospetsuenak gogorarazo nahi ditu Herri Urratsek: 'euskerea, jalgi hadi plazara... jalgi hadi mundura'. Horregaitik aurtengo edizioaren leloa hauxe izango da: Jalgi. Euskerea mundura atera daiten, euskaldunoi jagoku salto egitea, alai eta baikor, gure hizkuntza zaharrak merezidu dauelako. 2016ko Herri Urratsek salto hori egiteko konbita dakar, logoan agiri dan Senpereko lakutik mundu osora, euskereak badauelako han eta hemen bere lekua.

Osorik irakurri