Programazioa apirilaren 27an zabalduko da, Jordi Ojeda errobotika adituak Bidebarrieta Kulturgunean eskainiko duen hitzaldiarekin. Unibertsitateko irakasle ere baden industria ingeniari hori ezaguna da artea, komikiak eta zinea defendatzen dituelako zientzia eta teknologia hobeto hedatzeko, prestakuntza akademikoa interesgarriago bilakatzeko eta baita bokazio zientifikoak pizteko ere. 'Paradojas temporales en el cine de ciencia ficción' hitzaldia arratsaldeko 19:30ean hasiko da, eta sarrera librea izango da.
Bilboko Institutu Frantsesaren lankidetzarekin Kale Nagusiko BBK Aretoan eskainiko den zine frantseseko zikloan hiru film luze eskainiko dira. Mauvais sang, 1986an Leos Caraxek egin zuen kultuzko filma da. Horrez gain, bi lan berriago ere eskainiko dira: Lucas Belvauxen Rapt (2009) eta Hélène Catteten eta Fruno Forzaniren L´Etrange couleour des larmes de ton corps (2013), eta baita fantasiazko zenbait film labur ere. Ziklo hori apirilaren 28tik maiatzaren 1era izango da, BBK Aretoan, egunero, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
BBK Aretoaren programazioa bigarren zine saioarekin osatuko da, gaueko 21:15etik aurrera, Sitges Tour a Contracorriente esperientziarekin. Contracorriente Filmsek martxan jarritako ekimen horretan, zinemaldiaren azken edizioan eskaini ziren zenbait film Estatuko hainbat zine aretotan eskainiko dira, modu ibiltarian.
Orain arte zine aretoetan ikusi ez diren eta Pre-Fanten pantaila handian gozatu ahal izango diren lau filmak hauek dira: Kristian Levringen The salvation (2014), Cedric Angerren La prochaine fois je viserai le coeur (2014), Brian Jamesen Bloodsucking bastards (2015) eta iazko fenomenoetako bat, Anouk Whissellen, François Simarden eta Yoann-Karl Whissellen Turbokid (2015). Zinemaldiaren aurreko programazio guztia doakoa izango da leku guztiak bete arte.
Epaimahaia
Beste alde batetik, Bilboko Zinemaldi Fantastikoak edizio honetarako bere epaimahaia ezagutarazi du. Fiona O'Shaughnessy eta Laurence R. Harvey antzezleek eta José María Clemente kazetari eta Movistar+-eko programa zuzendariak osatuko dute.
Zinean espezializatuta dagoen Jose Maria Clemente kazetariak CANAL+ kateak eskaintzen dituen zenbait zine saio zuzendu ditu azken 11 urteetan, 'Tentaciones', 'Cinexpres' edo 'Codigo Cine', besteak beste. Zenbait sail dokumentalen eta zine programa berezien gidoiak idatzi ditu kanal bererako, eta Vanity Fair, GQ eta Los 40 principales katean ere aritu da lanean. Une honetan Cadena Dialen entzun eta Version Originalen irakur dezakegu.
Odol suediar-andaluziarra duen Ingrid García-Jonsson antzezlearen karrerak erritmo ikaragarria darama. Oso gaztea den arren, gainditu du dagoeneko Espainiako zinearen etorkizun handiko antzezlearen etiketa, errealitate bilakatzeko. Kameraren aurrean dituen freskotasunak eta naturaltasunak zinegileak eta kritikariak asebete dituzte. Duela denbora gutxi Koldo Serrak zuzendutako Gernika eta Kike Maillok zuzendutako Toro lanetan aritu da.
Fiona O'Shaughnessyk Dublineko Gate Theatren hasi zuen bere ibilbidea (2000), Oscar Wilden antzezlanean Salome interpretatuz. Hainbat urtez lan gehiago egin zituen Gate Theatren eta Ingalaterrako eta Irlandako beste antzerki konpainia batzuetan, pertsonaia klasikoak eta garaikideak interpretatuz. Telebistan egin zuen kultuzko lana Channel 4 kate britainiarreko Utopia saioarekin heldu zen. Gainera, Blaine anaien Nina Forever (2015) beldurrezko komedia erromantikoan ikusteko aukera izango dugu, protagonista gisa, FANT 22 barruan.
45 urte dituen Laurence R. Harvey antzezle britainiarrari dagokionez, 90eko hamarkadan umeentzako telebista saioak egin zituen, baina ezaguna da, bere eduki desatsegina dela eta, hasiera batean Erresuma Batuan debekatu egin zen The Human Centipede 2 (2011) filman Martin Lomax antzeztu zuelako. Film horretan, asma, gehiegizko pisua, altuera txikia eta buru gaixotasuna dituen eta giza-ehunzangoa gauzatzeko obsesioa duen gizona antzezten du. Bere azken filma, James Bickert zine zuzendari independentearen Frankenstein created bikers (2016) da. Apirilaren 2an aurkeztu zen Atlantako Zinemaldian.