Programazioak aldatu egin ditu ohikoak ziren urriko datak, apirilera eramanez, barruti horretan dagoen kultur eskaintza orekatzeko.
Datorren apirilaren 29ra arte, Abando - Barrainkuako Udaltegiak oso estilo desberdinetako lau emanaldi jasoko ditu, musika herrikoi brasildarretik pop-rockera edo rythm&bluesera. Leku guztiak bete arte sarrera librea izango duten kontzertuak hilabete honetako ostiral guztietan izango dira (8, 15, 22 eta 29an), arratsaldeko 19:30etik aurrera.
'Poltsiko musika' egitarauak aste honetan zabalduko du kontzertu programa Hugo Silveira Quartet taldearen emanaldiarekin. Gitarra jole, abeslari eta konposatzaile brasildar horrek Tarde-me bere azken lana aurkeztuko du, laukote formatuko kontzertu intimistan, argitaratu gabeko bere abestiekin eta moldaketa garaikideak dituzten bertsioekin, erritmo afro-brasildarren fintasuna eta indarra nahastuz.
Apirilaren 15ean Dr. Maha´s Miracle Tonic taldearen txanda izango da. Bilboko banda enblematiko horrek 40ko hamarkadako musikan murgilduko gaitu, swing eta rythm&blues erritmoan, txarlatanen gurdiak eta joan-etorrian hari ziren musikarien ikuskizunak gogoratuz, errepertorio dibertigarri eta dantzagarriarekin. Oraingo honetan, XX. mendearen hasierako Medicine Show izenekoei eta vaudevilleari omenaldia eskainiko dion showa aurkeztuko dute, garai hartako jantziekin eta giroarekin, magia trukoekin eta umore askorekin. Huts egiten ez zuten elixir haiek saltzen zituzten aspaldiko saltzaileengan inspiratutako ikuskizun barregarria.
Hirugarren kontzertua, hilaren 22koa, Borja Estankona buru duen bertako beste talde batek eskainiko du. Konposatzaile berezi horren musikak alderdi asko ukitzen ditu, baina bere abestiak rocketik eta popetik hurbilago daude. Une honetan, bere abestietan nabarmenagoa da musika etnikoari dion maitasuna, euskal musikari eta mediterranearrari, hain zuzen ere.
Zikloa apirileko azken ostiralean itxiko da, Edu Basterrak zuzentzen duen eta gaztelaniaz abesten duen Bilboko Los Jalapeños de La Frontera blues-rock taldearekin. Bi urte igaro dira elkartu zirenetik, eta oraindik ere euren buruari ze motatako musika egiten duten galdetzen jarraitzen duten arren, musika ona eta kalitatezkoa da. Duela denbora gutxi argitaratutako diskoarekin, euren abestiak bluesetik rock´n rollera eta country-folketik jazzera doaz.