"Berdin eta desberdin" dator Doctor Deseo bere 15. lanarekin

uriola.eus 2016ko api. 6a, 17:30

Gaur izan da 'Igual y diferente. Una mirada distinta' Doctor Deseo talde bilbotarraren 15. diskoaren aurkezpena Bizkaia Zubian, Areetan. Jendetza bildu da bertan, eta ekimenari hasiera emateko, Francisek zubia rapela egiten jaitsi du. 

Sinfonia doinu "alai bezain betilunekin" ematen dio hasiera Doctor Deseo taldeak diskoari, "energia eratzailea, hausnartzailea, begirada sentikorra bizitzaren deia ahalik eta txukunen biraka ibiltzeko zaldiko-maldikoaren etengabeko itzulietan". "Goibeltasunari barneko sentimendu pozgarriaren indarrarekin" egingo dio oraingoan aurre Doctor Deseok bai musika zein letrekin.

Aurkezpenean Francis abeslariak mahaigaineratu duenez, lan berriko letrek "begirada desberdin bat" iradokitzen dute eta Lurdes Merinok landutako "liburu pelikuleroa" da esku artera heldu zaiona entzuleari; izan ere, abesti bakoitzak film bat islatzen baitu. Letrek "aldatzeko ditugun sailtasunez" hitz egiten dute abeslariaren aburuz, eta aldaketetarako behar izaten ditugun kolpeetaz. Berrikuntza modura, azken lan honetako hainbat piezatan emakume ahotsak sartu dituzte, Maider Lejarreta gaztearenak, hain zuzen ere.

Beste behin "desberdina den zerbait" eskaini nahi izan diote entzuleari, "betiko indarra mantenduz", eta eszenatokira "dena ematera" irtengo direla jakinarazi dute.  

Lan berri honek bi euskarri ditu; alde batetik, liburu-CD + DVDa, eta bestetik digipack bat soilik CDarekin. Lehen euskarria liburu-CD + DVDan aurkituko dugu: estudioan grabatutako 8 abesti berri CDan 2016ko urtarrila, otsaila eta martxoan Cesar Ibarretxek grabatutakoak, eta DVDa zaleei egindako oparia da. DVDak 2014ko Bilboko jaietan emandako zuzenekotik 13 abesti jaso ditu eta Lekeition eskainitako kontzertu-omenaldiko beste 3 abesti. Bigarren euskarriak, hau da, digipack-CDak, estudioko abestiak dakartza.

Lan barria argitaratu eta berehala, zuzenekoei ekingo diete. Apirilaren 9an Durangon joko du Doctor Deseok, Plateruenan. Hilaren 16an Iruñean izango dira; Donostian ere pare bat kontzertu adostuta dituzte eta maiatzaren 6an eta 7an Bilboko Kafe Antzokian joko dute. Euskal Herritik kanpo ere ibiliko dira, Menorcan, Zaragozan zein Mexikon, besteak beste.