Uriko publikoari musikearen jokera barriak hurreratzeko asmoz sortutako zikloa apirilaren 11n, barikua, hasiko da. Izan be, aurten, urritik apirilera aldatu dabe Poltsiko musika. Formatu txikiko lau kontzertu izango dira, hileko bariku bakotxean bat, Barrainkua-Abandoko auzo-etxean, Bilboko Udalak aurreratu dauenez.
Poltsiko musikaren egitaraua Hugo Silveira Quartet taldeak zabalduko dau, apirilaren 8an, 19:30ean. Gitarra-jole, abeslari eta konpositorearen laukoteak Tarde-me disko barria aurkeztuko dau Bilbon. Erritmo afro-brasildarrak jorratzen ditu Silveirak.
Hurrengo barikuan, hilak 15, Dr Maha´s Miracle Tonic talde bilbotarra egongo da Barrainkua-Abandoko auzo-etxean. Rythm&Blues eta swing erritmoak lantzen ditu, errepertorio dibertigarri eta jantzagarri baten bidez. 20. mendearen hasikerako Medicine Show diralakoak eta vaudeville-a gogoan hartzen dituan kontzertua aurkeztuko dau talde horrek Bilbon.
Rocketik eta popetik hurrago egongo da apirilaren 22ko saioa. Borja Estankonak gidatutako taldeak estilo horreek lantzen ditu, erritmo euskaldun eta mediterraniarren laguntzinoagaz. Zikloa amaitzeko, hilaren 29an, Los Jalapeños de la Frontera taldearen blues-rocka helduko da Barrainkuara.
Dagoeneko 15. edizinora heldu da Poltsiko musika. Bilboko herritarrei era askotako musikak erakustea da zikloaren helburua eta, normalean, Bilboko taldeak edo Bilbon bizi diran atzerriko musikariak eroaten ditue. Kontzertuak doban dira.