Pello Añorgak, Castillo Suarezek, Paddy Rekaldek eta Ana Jakak idatzitako lau liburu plazaratu ditu Elkar argitaletxeak. Umeen literaturako aleak dira laurak eta honeek izan dira ilustratzaileak: Mikel Valverde, Eider Eibar, Belatz eta Patxi Gallego.
Giosepporen sudurra Pello Añorgak idatzi dau eta Mikel Valverderen irudiak daukaz. Gioseppo, oso zapatari serioa, da liburuko protagonistea eta, halako baten, garaua agertu jako sudurrean. Tumore on bat dala dinotso medikuak eta, orduan, sudurragaz ospitaleko umeak alaitzeari ekingo deutso.
Paxkalin izenburuko liburua, ostera, Castillo Suarezek idatzi dau, Eider Eibarren ilustrazinoakaz. Bisoi mutur-zuri baten, Paxkalinen, istorioa da. Heldu barri dan zirkua ikusteko, alboko herrira joan nahi dau, baina horretarako errepidea zeharkatu behar dau eta aitak ez deutso ixten. Lagunduko deutsan baten bat behar dau, beraz, Paxkalinek.
Sagarraren misterioa izenburua dauka, bestalde, Paddy Rekaldek idatzitako liburuak. Garik sagar ibiltari bat ikusi dau eta, hori ezinezkoa dalakoan, ingurukoei galdezka hasi da eta inork kasurik egiten ez deutsan arren, bere kabuz ikertzen hasiko da. Belatzek egin ditu ilustrazinoak.
Amaitzeko, Marimutila naiz, eta zer? dakarre Ana Jaka idazleak eta Patxi Gallego marrazkilariak. Ulea labur eroateagaitik eta futbolean jokatzeagaitik, marimutila dala esaten deutsie Ioneri. Berari horrek ez deutso ardura, baina izekoren ezkontzarako soineko bat jantzi behar dauenean, arazoa sortuko da.