Bilboko gizarte eta osasun arloko elkarteen lana saritu du Udalak Osasunaren Egunean

uriola.eus 2016ko api. 7a, 16:53

Udalak, Bizkaiko hiriburuan osasun komunitarioaren arloan lan egiten duten 135 elkarteren lana aitortu du, eta esker ona erakutsi die Osasunaren Munduko Eguna dela-eta egindako topaketan.

Hauxe da egun hori ospatzen den zazpigarren urtea eta entitate horiei eta elkarteetan laguntzen duten pertsonek egiten duten lanagatik sari bana eman die Udalak hautatutakoei. Bilbon gizarte eta osasun-arloan, osasun-arloko hezkuntza eta sentsibilizazioa zabaltzen, egiten duten lana aitortu zaie horrela. "Bilbotarren bizimodua hobetzean zuzeneko eragin positiboa duen lana” dela adierazi du Yolanda Diez Osasun eta Kontsumo Saileko zinegotziak.

Modu berean, Udalak osasun komunitarioarekin duen konpromisoa berretsi nahi izan du. Osasun eta Kontsumo Sailaren bitartez irabazteko asmorik gabeko 135 elkarte eta erakunde horiek garatzen dituzten programa asko babesten dira, bi jarduera-ildoren inguruan:

- Osasuna sustatzeko programak.

- Drogazaletasunaren arloko prebentzio eta gizarteratze-programak.

Alfonso Gil Bilboko Bigarren Alkateordeak ziurtatu duenez, "hezkuntza eta sentsibilizazio-lanei esker, Bilboko gizarte eta osasun-arloko pertsona eta elkarte hauek modu aktiboan hartzen dute parte osasuna sustatzen eta bilbotarren bizimoduaren kalitatea hobetzen".

Lan horren esker onez sari bana eman zaie jarduera-ildo bakoitzeko ordezkari diren elkarte hauei:

- Osasuna sustatzeko elkarteen izenean: 50 urte bete dituen DYA Elkarteari.

- Drogamenpekotasunen prebentzioan ari diren elkarteen izenean: HIESAren aurka eta gizarte-bazterkeria jasaten dutenekin lanean diharduen T4 Elkarteari.

Era berean, pertsona bi aukeratu dira gaixoen euren ordezkari moduan:

- Anorexiaren eta Bulimiaren aurkako Elkarteko (ACABE) emakume bat.

- Bizkaiko Diabete Elkarteko gizon bat. Izan ere, diabetesa da 2016ko Osasunaren Munduko Egunerako OMEk aukeratu duen gaia.