Aspalditik dute larunbateko data gorriz markatuta pilotazale askok. Esku huskakoaz ari naiz. Izan ere urteroko sasoiaren hirugarren final nagusia iragarrita dagoelako biharko, apirilaren 9rako. Jakina da maiatza edo ekaina aldean, lehiaketen lehiaketa den, buruz burukoa erabakitzen dela, Gabon aurretik Lauterdiko oraintsukoagoa eta udaberriko garai hauetan, lau hilabete luzetan lehiatu ondoren, binakakoa; ia negu osoa eta udaberrian 17 jardunaldi edo asteburu bete ondoren.
Aimar Olaizola nafarra eta Mikel Urrutikoetxea bizkaitarrak osatzen duten parekoa azaltzen da zale gehiengoaren faborito aurtengo txapel eta garaikurrak jasotzeko; Juan Martinez de Irujo, nafarra hau ere, eta Beñat Rezusta, Bergarako giputzaren aurrean. Ez dira, dena den denentzako faboritoak, irribarre alai batez Irujok esan zuenez: "Niretzako geu gara faboritoak, irabazi egingo dugu". Edonork dakiena da, partidak jokatu egin behar direla eta egun bakar baten, ordubete inguruko jardunean edozer gerta daitekela alde batera edo bestera okertu edo bideratuz. Zaleen pronostikoa, dena den, azken hilabeteetan talde batek edo besteek izan duen jardueran oinarritzen bada, gorririk aterako diren Aimar eta Mikel; hiru finalaurrekoak aise irabazi dituzte, Juan eta Beñatek Ligarik hoberena egin duten artean. Ikuskizun, hori ere, beraz.
Ez dakit sekula final batek ohiz landako hainbeste berezitasun izango zituen. Denak otuko ez bazaizkit ere, has nadin esanez aurrelari peto-peto bat atzelari lanetan aritu dela txapelketa honetan eta ondorio ikusgarri onarekin. Errespetu falta aipatu nuen arren, Buruz buruko eta Lauterdiko txapela jantzi eta jarraian, Binakakoan, atzelari bezala jarri zuen Mikel Urrutikoetxea, Asegarce, bere enpresak. Erantzuna bikaina, dena den. Ez da alferrik izan aspaldiko pilotaririk erregularrenaren bizkarra zaintzea suertatu zitzaiola. Aimarren atzelaria izatea beti da zerbait errazagoa. Espeziala, Mikelek sotamano, kakoz eta boleaz erakutsi duen defentsa.
Berezia, baita ere, iaz bigarren mailako txapelak jantzi ondoren, beste kanpeoi handi bati bizkarrak zainduz finalera iristea. Lehiaketako liga hasi orduko idatzi nuen, atzelariek markatuko zutela lehia honen norabidea. Zubieta edo Zabaleta bezalako bi handiren hutsa jakinik, Jon Ander Albisu eta Beñat Rezustarengan jarri nituen esperantzak. Lehena, gutxigatik geratu da bidean, Urrutiren faborez eta bigarrena hemen da tinko eta joko sendoaz. Ironiaz esan ohi den legez ba dirudi gorrotoa diola pilotari horrenbestean jotzeko.
Berri edo berezitzat jo behar, aspaldiko urte hauetako aurrelari goren biak larunbateko partidan, txapelez harago, jokoan dutena. Urrutirentzat sasoi bereko hirugarren aipamena lortzea historian sartuko bada, Olaizola eta Irujo profesionaletan 24. eta 23. finala jokatzen dutenetik, pilotaren historian sarituena izan den Julian Retegiren -26etan jokatu zuen- marka gainditzeko bidean dira.
Irujok, hain zuzen, hark lortutako txapelak gainditzeko ere hortxe dago.
Larunbateko finalak eraman dezaken norabidea ere aurreikusi daiteke, lehiak izan dituen 17 jardunaldietan ez ezik, lau protagonistak ezagutzen ditugulako. Banan-banan, jakina da Goizuetako Olaizola handiak, joko mota honetako aztia izatearen titulua ondo merezia duela. Erasoan nahi defentsan ia sekula ezagutu denik ez dago, erregulartasun handiz, gainera.
Ez ohiko kokagunean egon arren, bere atzelaria Mikel Urrutikoetxea, urteko txapel guztiak irabazi baditu ez da kasualitatea izan. Ez da, gaurkoz, atzelari jaioa eta ezingo lioke Beñati aurre egin piloteoan botez baina, horren ordez, defentsan duen bolea nahiz sotamanoak haren abantaila orekatzen du. Gantxo edo dejada eraginkorren bat egitea ere normala litzateke, aurrelaria den heinean.
Juan Martinez de Irujo da, gaur egun, aurrelaririk jotzaileena eta horrek beti du eragina; eta tantoa bukatzen ere ez da batere makala. Bukatzeko orduan, norbere atzelariak dominatzea ezinbestekoa denez, horretarako du orain aipatuko dugun bizkartzaina.
Izan ere Beñat Rezustak inork baino urrunago jartzen du pilota bere ezker esku bakarrarekin. Ez da egon Migel Soroatik harrez gero ezkerrez eta azpitik horrela jotzen duen pilotaririk. Oraintsu arte, goiko lonara eta ezker hormako goikaldera botatzen zituen pilota gehiegi baina aspaldian asko zuzendu du akats hori ere. Aurre ikuspegi horiek bide, ez zaigu partida ikustea besterik geratzen.