Jone Artolari ezarritako betoak presoen senideak "kriminalizatzen" ditu Etxeraten arabera

uriola.eus 2016ko api. 8a, 12:45

2013ko Aste Nagusiko txupinera izateko betoa berretsi dio Txori Barrote konpartsako Jone Artolari Bilboko Administrazioko 1. Auzitegiak. Besteak beste, "Etxeraten bozeramale lana egiteagatik". Gaur, euskal preso eta iheslari politikoen senide eta lagunek osatzen duten elkarteak babesa erakutsi dio Artolari.

Egoeraren "larritasunaz" gizartea ohartarazteko prentsaurrea eskaini du Etxerat elkarteak Bilbon. Jone Artolari txupinera izateko betoa berresteko argudioetan, Bilboko Administrazioko 1. Auzitegiak "Etxeraten bozeramale lanak egitea" aipatu du publiko egin duen autoan. "Etxeraten partaide soila izateagatik" pertsona bati ezin zaiola deliturik egotzi adierazi du Urtzi Errazkin elkarteko bozeramaleak. "Dispertsio politikaren zama egunero pairatzen duten testigantzei ahotsa ematea" ez dela delitua edota iraina. "Beto horrek euskal preso politikoen senideen aurka egiten du, eurak baitira normalean Etxeraten bozeramale, Joneren kasuan bezala". Errazkinek ozen esan du: "Senide izatea ez da delitua". 

Ildo horretan, Bilboko Administrazioko 1. Auzitegiak oinarri juridikoetan Etxerati erreferentzia egiteak "guztiz legezkoa eta zilegia den lan bat kriminalizatzea bilatzen duela" salatu du Errazkinek. Etxeraten jarduna "publikoa" izanik, "ezin dugu ulertu pertsona guztien giza eskubideen defentsa zerbait iraingarria bezala hartzea". 

Bai Jone Artola bai Etxerat elkartearen aurkako estrategia, Estatu Espainiarraren "difamazio kanpaina mediatekoaren" baitan kokatu behar da Errazkinen esanetan. "Gure elkartea 'ETAko presoen bermerako elkarte' bezala definitzen du, errelato faltsu horren zerbitzura dauden medioek oraindik ere erreproduzitzen dutena". Errelato faltsu hori argitze aldera, Etxeraten lan eremua "giza eskubideen inguruan" garatzen dela gogoratu dute agerraldian, "presoen urraketak gertatzen direlako", baita "senide edota lagunen urraketak gertatzen direlako". Eta horiek "ezkutatzea" da Estatuaren "nahia", "herri honen elkarbizitza eta bake oinarria zulatzea". 

 

Jone Artola: "Nire eskubideen aurkako erabakia da"

Txupinera izateko bete beharreko bi baldintzak, konpartsakidea eta emakumea izatea, 2013an "betetzen nituela" eta "gaur ere betetzen ditudala" aldarrikatu du Jone Artolak hitza hartu duenean. Orduan zein Bilboko Administrazioko 1. Auzitegiak betoa berretsi ostean, gauza bera pentsatzen jarraitzen du: "Nire eskubideen aurkako erabakia dela". Preso baten "senidea izatea" argudio gisa erabiltzeak "bigarren mailako bizilagun bezala" sentiarazten du Artolak, eta "edozein herritarren aurka egiteko" Gobernuak eta Administrazioak erakusten duten "askatasun osoa" salatu du: "Hau jazarpen ideologikoa da". 

Jasotako babesa eskertzeko ere baliatu du aukera Jonek. Hunkitu egin da prentsaurrekoaren azken unean. Bere azken hitzetan Sonia Polo txupinerak pairatutako "eraso larria" oroitu du: "Preso baten arreba izateagatik bala bat bidali zioten". Gaur Artola babestera hurbildu diren lagunen artean zegoen Sonia Polo bera.

 

Etxerat: "300 kilometroko distantzia ere urruntzea da"

Urkullu lehendakariari ere erantzun nahi izan diote gaurko agerraldian Etxerateko kideak. "Larriak" eta "ezin justifikatuzkoak" jo dituzte presoen dispertsioari buruz Urkulluk eginiko azken adierazpenak. "300 kilometroko distantzia ere urruntzea da", aipatu du Errazkinek, eta azpimarratu du errepideetan senideek izandako istripu gehienak ez direla milaka kilometrotara gertatu, 500 kilometro baino hurbilagoko eremuan baizik. "Erantzukizunak estaltzeari utzi" eta duela urtebeteko bileran "dispertsioarekin bukatzeko hartutako konpromisoari ekiteko" eskatu dio lehendakariari Etxeratek.