Rock, folk eta blues estiloaren inguruko musikariak batzea da BBK Music Legends jaialdiaren helburua. Bagilaren 10ean eta 11n egingo dabe aurtengo edizinoa, Sondikako Ola auzoan, eta bertan egongo diran musikari guztien barri emon dabe. Jethro Tull, Graham Nash eta Los Lobos izango dira kartelburuak.
BBK-k Ola auzoan daukan zentroan izango dira kontzertuak. Urritasunak daukiezan personen arretarako gunea da eta, BBK Music Legends jaialdiaren bidez, punta-puntako musikea eroango dabe hango lorategietara. Egun bateko sarrerea 52 euroan ipini dabe salgai eta egun bietan sartu ahal izateko bonoa 86 euroan.
Bagilaren 10ean Los Lobos talde argentinarra izango da kartelburu. Gates of Gold disko barriko kantak eroango ditue Sondikara. Elliot Murphy, Corizonas, David Lindley eta Amparo Sanchez be egun horretan egongo dira oholtzan.
Biharamunean, bagilak 11, Niko Etxartek euskerazko rock&rolla eroango dau Music Legends jaialdira. Hapa hapa taldeagaz joango da zuberotarra Sondikara. Beragaz batera, ospe handiko beste talde eta bakarlari asko egongo dira: Jethro Tull-eko Ian Anderson, Graham Nash, Bob Geldof, Nina Hagen Band, The Fakeband eta Hey Mr Neken.
Kontzertuakaz batera, musikearen inguruko merkadu txikia egongo da. Ganera, Euskotrenek tren-zerbitzu bereziak ipiniko ditu egun bietan. Izan be, Ola auzoak tren geltokia dauka.