Iñigo Cabacasen heriotzaren laugarren urteurrenean justiziaren aldarria nagusi

uriola.eus 2016ko api. 10a, 10:00

Omenaldia eskaini zioten atzo eguerdian Iñigo Cabacasi, bere heriotzaren laugarren urteurrenean. Gaur, arratsaldeko 17:30etan, manifestazioa abiatuko da Bizkaiko Justizia Jauregitik, Buenos Aires kaletik.

Euriari aurre eginez, jendetza bildu zen atzo eguerdian Kirruli tabernaren plazatxoan, duela lau urte, Ertzaintzak jaurtitako gomazko pilota batek Iñigo Cabacas gaztea hil zuen leku berean. Aurten ere, senide, lagun zein hainbat herritarrek, justizia exijitzen jarraitzeko asmoa erakutsi zuten.

Aurten, kultura eta kirol alorreko hainbat lagunek atxikimendua eman dute Cabacasen auzian "egia osoa jakin eta justizia exijitzeko". Besteak beste, Gotzon Barandiaranen (idazlea), Unai Iturriagaren (bertsolaria), Itziar Ituiñoren (aktorea), Zea Mayz taldearen, Mikel Urrutikoetxearen (pilotaria) zein Athleticeko hainbat peñaren babesa ezagutzera eman zuten.

Ekitaldia txalaparta doinuekin abiatu zen bozgorailuetatik Cabacasek pilotakada jaso zuen gauean ertzainek irrati bidez izan zituzten elkarrizketak entzuten ziren bitartean. Ondoren, Cabacasen lagunek eta Iñigo Gogoan plataformako kideek hartu zuten hitza esanez, bidea "gogorra" izaten ari dela baina justizia eskatzen jarraitzeko asmoa dutela.

Jarraian, jasotako atxikimenduen zerrenda irakurri zuten eta agurra dantzatu ondoren, Manu eta Finak, Iñigoren gurasoak igo ziren oholtza gainera. Manu Cabacasek hartu zuen hitza esanez, "axolagabekeria" dagoela kasuaren atzean esaterako, Eusko Legebiltzarrak ikerketa batzorde bat eratzeko aukera baztertu baitu, Segurtasun Sailak epaileak eskatutako zenbait froga emateari uko egin baitio edota, Ugartekok "kalte moralengatik" jsalaketa jarri izanagatik. Hala ere, itxaropentsu agertu zen instrukzio fad¡sea bukatzean, ekainean, epaiketa egiteari begira. Argi plazaratu zuen ez dutela aintzat hartzen auzia artxibatzea baina ez dutela onartuko ere " aurpegia garbitzeko epaiketa iruzurti bat egitea".

Manifestazioa deitu dute gaurko

Albia lorategietatik, Bizkaiko Justizia Jauregitik martxa bat abiatuko da 17:30etan. Atzoko omenaldian jendarteari bertaratzeko deia luzatu zioten, beste behin justia eskatzeko beharra azpimarratuz.