Laster %100ean elektrikoa den Bilbobus autobusa hirian izango da

uriola.eus 2016ko api. 11a, 08:30

Irizar etxeak egindako eta %100ean elektrikoa den autobusa gaur hasi eta apirilaren 25 bitartean hiri guztiko 16 lineatan egongo da proba modura martxan. Bi aste barruko epean autobusa zerbitzuan egongo da. 

Aurkezpenean adierazi duten bezala, Udalak "ingurumenarekin eta jasangarritasunarekin duen konpromisoaren barruan" ulertu behar da zerbitzu berria; hau da, ingurumenean "garraioaren inpaktua gutxitzeko eta alternatiba jasangarriak aurkitzeko" bilaketaren barruan sortu da autobus berri hau.

'Irizar i2e' izena duen autobusa bere-berea duen teknologiaz hiri barruan zerbitzua emateko oso-osorik egindako lehen autobusa da. Dagoeneko Marsellatik, Londresetik, Barcelonatik eta Donostitik ibiltzen da eta Bilbon egindako esperientzia baino lehen, frogatu egin zen beste hiri batzuetan, esate baterako, Parisen, Madrilen, Zaragozan edo Iruñean. Bost orduz kargatzen egon ondoren, 14 eta 16 ordu bitartean gida dezakete autobusa.

Kutsadura murrizteko hautua

Europar Batasunaren herritarren % 60 hirietan bizi da eta kutsadura gutxitzea da hiriek duten erronka nagusien artean. Autobus elektriko bakoitzak CO2ren urteko emisioak 88 tonatan gutxitzea eta urtean 33.000 litro erregai aurreztuko ditu.

Bestalde, kutsadura akustikoa ere gero eta handiagoa da. Mugikortasun jasangarriaren alde, Irizar taldeak egindako apustu estrategikoaren emaitza da i2e autobusa. Uriko ingurumena hobetzen eta jasangarritasuna lortzen laguntzeko konpromiso irmoa izanik, i2e autobusa hiri barruko mugikortasunean liderra izateko asmoa du taldeak. Autobusaren beste ezaugarri bat osagaiak birziklatu ahal izatea da. Ecodesign delakoaren printzipioak kontutan hartuta diseinatu dituzte autobusaren osagaiak; hau da, autobusaren diseinuan ingurumen-arloko irizpideak aplikatu dituzte. Autobusen bateriak ere % 99an birzikla daitezke.