Rafael Moneok Espainiako Arkitektura Sari Nazionala irabazi dau

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 11a, 00:00

Rafael Moneo arkitekto nafarrak 2015eko Espainiako Arkitektura Sari Nazionala irabazi dau, epaimahaiak nabarmendu dauenez, nazinoarte mailan aintzat hartutako haren lanaren kalidadeagaitik, Arkitekturearen pentsamenduari eginiko ekarpenagaitik eta mundu osoko unibersidadeetan eginiko irakasle lanagaitik.

Makinatxu bat sari irabazita dago Rafael Moneo, besteak beste, Pritzker saria (1996) eta UIA, Arkitektoen nazinoarteko batasunaren Urrezko Dominea (2003), Mies van der Rohe, RIBAren Urrezko Dominea zein Asturiaseko Printzipea saria (2012).

Arkitekturearen Sari Nazionala Espainiako Gobernuko Sustapen Ministerioak emoten dau, epaimahai batek proponiduta, eta 60.000 euroko dirutzea jasoten dau saridunak.

Aurten, ondokoak izan dira epaimahaiko kideak: Juan Navarro Baldeweg (2014. urteko irabazlea), Lluis Clotet (2010eko Arkitektura Sari Nazionala), Simón Marchán Fiz, Jordi Bonet i Armengol, Ángela García de Paredes Falla eta Rafael de La-Hoz Castanys.

Rafael Moneo Tuteran jaio zan, 1937an, eta 1961ean amaitu zituan ikasketak Madrilgo Arkitektura Eskolan. 1970ean, Konposizino Elementuen katedrea emon eutsien Bartzelonako Arkitektura Eskolan, eta 1980tik 1985era Madrilen ibili zan irakaskuntzan. Azken urte horretan bertan, Harvardeko Unibersidadeko Diseinu Eskolako presidente izentau eben, eta 1990. urtera arte ibili zan lan horretan.

Gaur egun irakasle dabil Harvarden, eta, besteak beste, ondoko lanak egin ditu azkenaldian: Deustuko Unibersidadeko liburutegia (2009), Riberas de Loiola parrokia Donostian (2011), Nafarroako Unibersidadearen museoa (2008-2014), Pradoko museoaren handiagotzea (2007), Harvardeko Unibersidadeko LISE eraikina (2007), Cartagenako Erromatar Antzokiaren museoa (2008) eta Novartisen laborategiak Basilean (2009).

Osorik irakurri