Bart Peru Vidalek irabazi dauen Berrizeko saioagaz hasi da aurten 2016ko Bizkaiko Bertsolari Txapelketea, normalean baino lehenago. Barrikuntzen artean, lehenengo aldiz, udabarriko fasea dogu aurten, udagoieneko ohiko fasera nortzuk pasauko diran erabagiteko; era berean, eskualdekoak eskualdekoakaz barik, bertsolariek nahastean kantauko dabe aurten. Danetara, 9 saio eta 56 bertsolari izango dira. Maiatzaren 22ra arte, Bermeo, Erandio, Ondarroa, Derio, Gueñes, Orozko, Arrigorriaga eta Getxon be ibiliko da udabarriko fasea. Aitagarria fase horretako saioetarako sarrerarik ez dituela aurretiaz salduko, saio bakotxa hasi baino ordubete lehenago zabalduko dabe txarteldegia.
Ganerakoan, puntuazinoaren arabera, udabarriko onenak udagoieneko fasean izango dira urrian eta bertan batuko jakez inoz Bizkaiko finalista izan eta izena emoten dabenak. Finala, barriz, abenduan jokatuko da.
Bi urterik behin egiten da Bizkaiko Txapelketea eta azken txapelduna Fredi Paia getxotarra dogu. 1958an jokatu zan lehenengoz Bizkaiko Bertsolari Txapelketea eta aurten, beraz, 22. edizinoa izango da.
1.- Formatu barria dakar aurtengo txapelketeak. Zergaitik?
Gogoeta baten ostean etorri da formatua aldatzearena, izan be, azken 2-3 urteotan alkartearen eguneroko lanean, eskualdez eskualdeko lanean be ikusi izan dogu preminea badagoala egon bertsolari hasibarriei kantetako aukera gehiago emoteko eta bertsolari barririk agertzen ez dan eskualdeetan giroa suspertu eta plazak eskaintzeko; izan be, bertsolarien euren gogoa eta eskabidea izan da eskualdekoakaz kanteteaz gan, beste eskualde batzuetakoakaz be kantetako aukerea izatea eta holan etorri da aldaketea. Beraz, bertsolariakaz eurekaz egon eta gaiari buelta batzuk emon ostean pentsau dogu txapelketeari beste formatu bat emotea.
2.- Izena emon daben 56 bertsolariak nahastauta udabarriko faseko saioak osotuteak ze onura dakar bertsolarientzat? Txapelketeak berak be irabazi leike erabagi horregaz?
Orain arteko formatoa be ez dogu baztertu, izan be, oraingo fase hau hasi aurretik aukerea egon da eskualde mailan girotze saioak eta egiteko baina formato barri honek gauza positibo askoa ekarriko ditu, berbarako, bertsolari barri asko dago eta euren eskualdetatik kanpo ezagunak izateko aukerea izango dabe; era berean, bertsozaleek be aukera polita izango dabe arpegi eta bertsokera diferenteak ezagutzeko, irailera arte eta itxaron barik, oraintxe udabarrian hasita eta hori be barrikuntzea da.
Beste alde batetik, salbuespenak salbuespen edo tarteka izan daitekezan ezustekoak ezusteko, txapelketeak lehengo edo betiko maileari eutsiko deutsola pentsetan dot. Edozelan be, eskualdeen artean normalean diran gorabeherak apaldu edo bardindu egin daitekez formatu barriagaz bertsolariak nahastauta kantauko dabelako.
3.- Lehenengo faseko 56 bertsolari horreen artean, 19k lehenengoz parte hartuko dabe Bizkaiko Txapelketan. Azken aldion sano gaztetu da bertsolaritzea, kaletartu be bai baina ze gogoeta egiten dozu zuk?
Bai. Hemeretzi bertsolarik lehenengoz parte hartuko dabe txapelketan eta bertsolaritzea sasoiko, osasuntsu dagoala adierazoten dau datu horrek. Eguneroko lanaren ondorioa dala esango neuke, hezkuntza arautuan urteak daroaguz, eskualdeetan lan handia dagoz egiten, herrigintzako eta euskalgintzako taldeakaz alkarlanean ekimen eta proiektu barri asko doaz aurrera eta horren guztiaren ondorioa da. Horixe da pozgarriena ze gaztetzen dan mobimentua bizirik, fresko dagoala adierazoten dau, haize barria dira gazteak. Ganera, ez daigun ahaztu aitatu giro horrek bertsozale barriak be sortarazoten dituala.
4.- Udabarriko faseko onenak eta inoz Bizkaiko Txapelketan finalista izandakoek be kantauko dabe aurtengo finalean. Baina finalista horreek be izena emon beharko dabe maiatzean. Egongo ete da sorpresarik?
Ez dago jakiterik. Batzuen kasua eta jarrerea ezagutzen doguz, jentaurrean emon zituelako azalpenak baina ganerakoan, daturik ez daukagu. Nire ustez gehienek jarraitzeko asmoa izango dabe, aurrekoan kontrakorik ez ebelako adierazo. Leitekeana da baja batzuk edo izatea baina oro har, gehienek jarraituko dabela pentsetan dot.
5.- Unai Iturriagak eta Igor Elortzak, berbarako, ez ete dabe goizegi baztertu finaletako jarduna?
Oso gazte hasitako bertsolariak dira biak, hamasei, hamazazpi, hamazortzi urtegaz edo hasi ziran Bizkaiko finaletan, Euskal Herriko finaletan kantetan eta ia-ia 20 urteko ibilbidea dabe, errez esaten da, 20 urte plazarik plaza ibilita oraindino gazte ikusten doguz, jarraitzeko moduan. Baina txapelketako formula honek agortu egiten zaitu, akaso, plazako jardunak erakarten zaitu gehiago eta nik neuk ulertzen dot euren jarrerea. Dana dala, orain be, finalista guztiek lez aukerea izango dabe izena emoteko baina ulertzen dot uko egitea be; ganera, barriei lekua ixtea be ondo ikusten dot.
6.- Gai-jartzaile eta epaile barri asko be sartu dira aurten. Bizkaiko bertsolaritzearen susperraldia?
Ez dakit susperraldia, ze bertsolaritzearen indarra beti egon da presente baina egia da bertsolari gazte piloa ez eze, gai-jartzaile eta epaile barriak be sartu dirala aurten eta pozgarria da hori. Talde antolatzailean be aparteko mobimentua izan da, arpegi barri asko dago, komunikazino taldean, txapelketearen jarraipena egingo dauen taldean zein talde antolatzailean be. Aurretiaz egindako lanaren ondorioa da hau guztiau, gauzak ondo egiten gagozala adierazoten dau eta horrek aparteko indarra emoten deusku aurrera egiteko.
7.- Aurtengo txapelketearen irudian larrosa kolorez pintautako kotxe-errubera batez egindako txinboa agiri da. Zer adierazo gura izan dozue horregaz?
Gazte ukutua, olgetako gogoa ikusten da hor, bertsoa bera be aukerea dalako gozetako, ondo pasetako. Saltoa be adierazo gura izan dogu, salto bikotxa, txapelketan bertsolariek euren bertsokerea hobetzeko ahaleginean emoten dabena eta txapelketan plazara egiten dan saltoa. Gaztetasuna, mobimentua eta geure filosofia agiri dira logo-kartelean eta txapelketaz harago plazara salto egin eta gozetako mezua zabaltzen dogu.
8.- Logoagaz batera aurten mezu bat be zabaldu dozue Joseba Etxebarria Uriarte larrabetzuarraren berbetan. Mezu horretatik ze idea nabarmenduko zeunke?
Goitik behera bat egiten dot Josebaren mezuagaz. Zer garen eta zertan gabizan islatzen da mezuan; Joseba aspalditik dabil alkartean, talde antolatzailean, zuzendaritzan be urte asko daroaz eta mezua bat dator alkartearen filosofiagaz, hau da, gure lana eguneroko lana dala eta danon alkarlana dagoala tartean, txapelketa bat ez da aurrera eroaten, bertsozaleen eta borondatez lan asko egiten dabenen esfortzu barik, erakundeen laguntzino barik; lehen esan deutsudan lez, herrigintzan dabilen jentea eta bertsolaritzearen inguruko danak be ezin dira ahaztu, ezta komunikabideen lana eta babesa be. Herri mobimentua da bertsolaritzea, herritik sortutakoa eta herriak berak eusten dauena.
9.- Ikusiko ete dogu laster bizkaitar txapeldunik Euskal Herriko Txapelketearen finalean?
Amuriza eta Lopategi txapeldun izan ostean urte batzuk joan dira bai eta erraza ez da izango bizkaitarren bat hor sartzea barriro, gatxa bai baina ez ezinezkoa. Lan egin beharko da baina orain hiru urteko txapelketa nagusian bizkaitarrek lan polita egin eben. Bertsolari finak badagoz egon, badatoz barriak be, eskolartekoan be maila polita erakutsi ebenak eta badakizu lanaren ondorioa izaten da finalean sartu eta txapela eroatea.
10.- Datorren urtean jokatuko da Euskal Herriko txapelketea. Zeintzuk dira zure faboritoak txapeldun izateko?
Lehenengo nortzuk aurkeztuko diran ikusi beharko da. Baina faboritoak aitatzekotan, gitxi asko danon ahotan dabizenak izango dira seguru; Amets Arzallus, plazarik plaza mailea emoten dabil, Maialen be ikusi beharko da ze motibazinogaz dabilen eta azken aldion Julio Soto be polito ikusten dot.