Antolatzaileek, iragarri bezala, aurten ere araudia argi mantendu dute, hiru modalitaterekin: Pop-Rocka, Metala eta Elektronika. Helburuen artean adin-tarte horretan dauden musika-talde ez-profesionalen lanak zabaltzea dago. Era berean, entzuleei zuzeneko musikaz disfrutatzeko aukera ematen zaie, baita Europako banda gazteen proposamenik berrienak ezagutzeko ere.
Parte hartu nahi duten musika-bandek hiru baldintza bete beharko dituzte: disko bi baino gehiago ez izatea kontratu diskografiko batekin, Bilbo Hiria Pop-Rock lehiaketaren aurreko edizioetako edozein modalitatetan lehen saria irabazi ez izana, eta azkenik, konposizioak jatorrizkoak izatea.
Web orrialdearen bidez izen-emateko honako edukiak erantsi beharko dira:
• 3 kanta mp3, ogg edo wma formatuan.
• Argazki bat jpg, bmp edo png formatuan.
• Taldearen ibilbidea doc, docx, odt edo pdf formatuan.
Hiru fase
Lehiaketak hiru fase izango ditu parte-hartzaileentzat:
1. Fasea: Izena eman duten taldeetatik epaimahaiak 38 talde aukeratuko ditu, modalitateen arabera, honela banatuta: 24 talde Pop-Rockekoak, 10 Metalekoak eta 4 Elektronika eta beste joera batzuetakoak.
2. Fasea: Pop-Rock eta Metal modalitateetan aukeratutako taldeek zuzenean joko dute Bilborock aretoan, irailean eta urrian. Fase honetan, epaimahaiak honako hauek aukeratu behar ditu: Pop-Rockeko 3 talde eta Metaleko 3 talde.
3. Fasea: Bigarren fase horretan aukeratutako taldeek eta Elektronika eta beste joera batzuetako lau taldeek azken kontzertuetan joko dute eta orduan erabakiko dira zeintzuk diren kategoria bakoitzeko irabazleak.
Sariei dagokionez, guztira 20.700 euro banatuko dira irabazleen artean.
2015eko edizioa
Iazko edizioan 643 bandek eman zuten izena. Horiek Estatuko hainbat lekutakoak eta Europar Batasuneko herrialde batzuetakoak izan ziren, hala nola, Frantzia, Erresuma Batu, Belgika eta Poloniakoak. Irabazleak hauek izan ziren: Pop-Rockeko modalitatean Opatov (Bartzelona), Metalean The Flying Scarecrow (Bizkaia) eta Elektronika eta beste joera batzuetan Malachi Estéreo (Bartzelona).