V. Noites do Fado ziklorako Bilboko BBK Salak klasizismoa eta abangoardia batzen dituan programazioa atondu dau. Bosgarren urteurrena ospatzeko jaialdi hau apirilaren 20an hasi eta bagilaren 15ean amaituko da. Urteroko hitzordu honek Portugalera eroango ditu ikus-entzuleak hango musika genero ospetsuaren ahotsik garrantzitsuenen konpasean, antolatzaileek jakinarazo dabenez.
Zikloa Raquel Tavares lisboarraren kantaldiagaz hasiko da. Gaztea izan arren, fadoaren unibersoan ondo finkatutako ahotsa da. Hamabi urte zituala, Grande Noite do Fado sari ospetsua irabazi eban. Beatriz da Conceiçaoren ahotsaren eraginpean, Tavaresen interpretazinoak nortasuna eta fadoaren sustraiakaz dauen konekzinoa ditu ezaugarri.
Programazinoak maiatzaren 4an jarraituko dau Deolinda taldeagaz. Banda alaia da, fadoa eta Portugalgo abesti tradizionala, sambea, jazza edo popa bildurrik barik nahastetan dituana.
Maiatzaren 18an, fadoaren emakumezko protagonista handietako bat izango da BBK aretoan: Celeste Rodrigues, hain zuzen. Amalia Rodriguesen ahizta txikiak fadoaren bersino klasikoena eta tradizionalena ekarriko deutse Bilboko entzuleei. Argentina Santos, Anita Guerreiro eta Maria Amelia Proençagaz batera, Celeste Rodrigues fado abeslari beteranoenetakoa da, oraindino jardunean dagoana.
Horrezaz gan, Aldina Duarteren ahotsak transmitiduten dauen emozino sakona BBK Salan izango da bagilaren 1ean.
Zikloa bagilaren 15ean amaituko da Camaneren ahotsagaz, gaur egungo fadoaren panoramako artistarik ospetsuenetako bategaz. Camanek zarratuko dau aurten Noites do Fado zikloa Bilboko Orkestra Sinfonikoagaz batera eskainiko dauen kontzertuagaz.
Bost kontzertuetarako bonoa 90 euroan dago eskuragarri. Sarrerak erosteko klik egin hemen.