Alfamako fadoa Bilbora dator apirilaren amaieratik aurrera

uriola.eus 2016ko api. 12a, 09:42

Apirilaren 20tik aurrera BBK Aretoak 'V.Noites de Fado' delako zikloari emango dio hasiera Raquel Taveres artistarekin. Ekainaren 15ean bukatuko da zikloa, aurretiaz lau artistarekin gozatu ostean. Bost emankizunerako bonoak 90 euro balio ditu, Kutxabank txartela baldin badaukazu aldiz, 70 euro. 

Bost artista ezberdin pasatuko dira datorren apirilaren 20tik aurrera BBK Aretoko oholtza gainetik. Alfaman sortu eta Portugal osoan famatua den musika generoaren piezarik erritmotsuenak entzuteko aukera izango da ekainaren 15era arte iraungo duen zikloarekin. 

Doinu sentiberek Raquel Taveresen izena izango dute lehenengo saioan, apirilaren 20an izango dena. Aurkikuntza handia izan da Alfamako artista hau eta horrek mundu erdiko eskenatokietara eraman du, hainbat herritara alegia. Raquelek nazioarteko adituen laudorio beroenak entzun ditu eta zergatia erakutsiko du BBK Aretoan. 

Maiatzaren 4ean ukitu berriko fadoaren doinuak entzun ahal izango dira Deolinda taldearen eskutik. Duela hiru urteko zikloan ere Bilbora etorri zirela, oraingoan lan berria aurkeztuko dute, gaur egun Portugaleko musikarien artean etorkizun onenen artean kokatzen dira. 

Maiatzaren 18an ikuskizun berezia izango da Aretoan. Amalia Rodriguesen ahizpa txikia den Celeste Rodriguesek kontzertua eskainiko baitu Bilbon. 1951an Casablancan bizi zela hasi zen abesten, bere ahizpa bezala. Baina fadoaren barruan bide desberdinak jorratu dituzte. Ohiko fadoan eredu nagusietakoa da eta oraindik lanean ari den fadista zaharrenetakoa da, Argentina Santos, Anita Guerreiro eta Maria Amélia Proençarekin batera.

Ekainaren lehenengoan Aldina Duartek eskainiko du emanaldia, bere gai nagusiak kantuan emakumetasuna, amodio mingarria edota zentzugabeko pasioa direla. Hitz bakoitzean egia bilatzen duen artista dugu Aldina, edonor emozionatzeko gai den emakume indartsua. 

Azken saioa ekainaren 15ean izango da, besteengandik erabat ezberdina izango dena. Izan ere, Macanék eta BOSek musika klasikoa eta fadoa elkartuko dituzte saio bakar batean. Carlos Manuel Moutinho Paiva dos Santos artista fadoaren belaunaldi berria hoberen erakusten duen artista da. 

Kutxabankeko txartelarekin %15eko deskontua egongo da sarrera bakoitzean. Bost emakizunetarako bonoa 90 eurotan dago salgai, deskontu horrekin 70 eurotan salduko dena. Sarrerak internet edota edozein kutxazainetan erosi ahal izango dira. 

Egitaraua

Raquel Tavares
2016ko apirilaren 20a • 20:00etan

Deolinda
2016ko maiatzaren 4a • 20:00etan.

Celeste Rodrigues
2016ko maiatzaren 18a• 20:00etan.

Aldina Duarte
2016ko ekainaren 1a • 20:00etan

Camané + BOS
2016ko ekainaren 15a • 20:00etan.