Ikerbasque Zientziaren Euskal Fundazinoak gazte talentuei zuzendutako Research Fellow programearen bosgarren deialdia zarratu barri dau, eta harrerea upealakoa izan da nazinoarteko komunidade zientifikoan, 406 ikertzaile aurkeztu baitira Euskal Autonomia Erkidegoko (EAE) ikerketa zentro eta unibersidadeetan lan egiteko eskaintzen diran 15 lanpostuetarako. Ekimen hau jakintza arlo desbardinetako 40 urtetik gorako adituak EAEra ekarri eta berton mantentzeko diseinau da, ikertzaileen harrobi bat eratzeko asmoz.
Research Fellow programeak helburu bikotxa dauka; batetik, atzerrian lan egiten dagozan ikertzaile gazteak erakarri nahi ditu, horreen artean, bertokoak izanda aspaldi atzerrira joan ziran ikertzaileak eta, bestetik, EAEn lanean dabizan ikertzaileei karrerea sendotu ahal izateko aukerea emotea.
Arduradunek jakinarazo dabenez, Research Fellow 2016 deialdiak bost urteko iraupena daben 15 lanpostu eskaintzen ditu, eta horreetarako, 33 herrialdetako 406 hautagai aurkeztu dira. Hautagaien batez besteko edadea 36 urtekoa da. Aurkeztutako 406 ikertzaile horreetatik % 35 emakumeak dira, eta % 65 gizonak. Jakintza arloei jagokenez, hautagaien % 43 Zientzia Esperimentaletan espezializauta dagoz, % 16 Zientzia Teknikoetakoak eta Injinerutzakoak dira, % 16 Medikuntzakoak eta Bizitzearen Zientzietakoak, % 25 Gizarte Zientziak eta Giza Zientzietakoak.
Programearen helburu bikotxa jatorrizko erakundeetan islatuta geratzen da, hautagaiak AEBetako eta Europako zentro ospetsuetan dabizalako egun, besteak beste, MIT, Harvard Unibersidadea, Londreseko Imperial College eta CNRSn, bai eta Euskadiko lehen mailako zentroetan be, berbarako, BioDonostia, CiCbioGUNE, BCBL edo Biofisika zentroan.
Harrera zentroei jagokenez, EAEko zientzia sistemako 24 erakundek euren interesa azaldu dabe hautagaiak hartzeko, bai eta Euskal Herriko Unibersidadeko (EHU) 50 sail be. Ganerakoak Nanogune IZK, BioGUNE IZK, BiomaGUNE IZK, EnergiGUNE IZK, klima aldaketari buruzko BC3 ikerketa zentroa, Matematika Aplikatuen BCAM zentroa, Deustuko Unibersidadea, BCBL neurozientziari buruzko ikerketa zentroa, Materialen Fisika Zentroa, Biofisika Unidadea, Donostia International Physics Center, Achucarro Basque Center for Neuroscience, Basque Center for Materials, Applications & Nanostructures, Polymat, BioCruces, Bioef, Neiker, Azti-Tecnalia, BioDonostia, CEIT-IK4 eta Mondragon Unibersidadera joango dira.
Ebaluazino Batzordea Euskal Zientziaren sitematik apartekoa da eta 29 herrialdetako 200 ikertzailek osotzen dabe, eta koordinazinoa ospe handiko sei ikertzaileen esku dago.