Break On Stage 2016 jaialdiak kultura urbanoko ikuskizun onenak jasoko ditu Bilbon

uriola.eus 2016ko api. 12a, 10:00

Aurten ere, Break On Stage jaialdiaren 16. edizioak kultura urbanoko ikuskizunik onenak ekarriko ditu Bilbora. Hitzordua Bilbao Arena Kirol Jauregian izango da larunbatean, apirilak 16an, 19:00etatik aurrera. 5.000 pertsona baino gehiago biltzea lortu zuen aurreko edizioaren arrakastaren ostean, Kultura Urbanoen Nazioarteko Jaialdia Bizkaiko hiriburura itzuliko da nazioarteko ikuskizunik onenak ikusgai jartzeko. 

Break On Stage ikusleei kultura urbanoaren hainbat berezitasun erakusten dizkien ekitaldi aparta da, alderdi artistikoa eta alternatiboa uztartzen dituen unibertso honetako berritasunak biltzen dituena, ikuskizun paregabea osatuz.

Break dance atalean gaur egungo puntako bi taldek jardungo dute. Granadako Arcopom Crew taldeak, Battle of the Year 2015 lehiaketako irabazleak, munduko 2015eko break dance ikuskizun onenaren saria jaso zuen antzezpena aurkeztuko du. Era berean, mundu mailan erreferentzia nagusia eta break dance estiloko Europako talderik onena den Belgikako Team Shmetta taldeak ere bere lana erakutsiko du. Azkenik, Legacy talde katalana eta Crazy Hospital talde bilbotarra igoko dira agertokira.

Hiriko dantzari dagokionez, nabarmendu behar da Break On Stage 2016ko sailkapenetan parte hartu duten 60 taldeen artean, dantza urbanoko bost talderik onenek parte hartuko dutela jaialdian. Ikusleek, halaber, Scooter Freestyle estiloan espezialista diren nazioarteko 5 rider-en lehiaketaz gozatzeko aukera izango dute; besteak beste, Terry Price ospetsuak eta Bence Chlumetzky hungariar gazteak hartuko dute parte. Kirol urbanoko ikuskizunak BMX Flatland, Roller eta Street Workout atalekin osatuko dira.

Break On Stage 2016ko programa Arce galiziarrarekin amaituko da, Luciffer izeneko bere azken diskoaren aurkezpenaz. Lan berri honek oso harrera ona izan du taldeak You Tuben duen kanalean; izan ere, sei milioi bisita baino gehiago izan ditu dagoeneko. Era berean, Endikahbarakaldotarrak eta Bilbon emakumezkoen rap estiloan erreferentzia den La Basuk (Ane Guriak nahiz Dj Ibaik lagunduta) jardungo dute.

Aldi berean, 15:00etatik aurrera, 1vs1 BBK- Bost Battle ospatuko da; hau da, break dance estiloko bataila, non estatu osoko 50 breaker-ek hartuko duten parte. Finala Bilbao Arenan ikusi ahal izango dugu, 19:00etan, Break On Stage jaialdia hasi baino lehen.

Sarreren prezioa 10 eurokoa da Interneten zein Kutxabankeko kutxazainetan erosterakoan, eta 8 eurokoa Kutxabank txartelekin erosiz gero. Doako sarrera izango dute heldu batekin doazen zortzi urtetik beherako haurrek.

Informazio gehiago hemen: http://www.breakonstage.com.