Zidarrezko Euskadi Saria emongo deutsie Gipuzkoako liburu-dendek Alaine Agirreri

Erabiltzailearen aurpegia Bizkaie! 2016ko api. 13a, 00:00

Maiatzaren hasikeran egingo dan Literaktum jaialdiaren harira, 2015eko liburu aitagarrienak aukeratu ditue Gipuzkoako liburu-saltzaileek. Euskerazko atalean, Alaine Agirreren X hil da nobelea aukeratu dabe eta, hortaz, idazle bermeotarrari Zidarrezko Euskadi saria emongo deutsie. Gaztelaniazko atalean, James Rhodesen Instrumental saritu dabe.

Igaz argitaratu zanean, behar besteko arretarik jaso ez eban harribitxia da X hil da liburua, Gipuzkoako liburu-saltzaileek adierazo dabenez. Horregaitik, bigarren aukera bat emon nahi deutsie. Zidarrezko Euskadi Saria jasoko dau Alaine Agirre egileak eta liburua Literaktum azokako protagonistetako bat izango da.

Urtero emoten dabe Zidarrezko Euskadi Saria, aurreko urteko liburuak saritzeko. X hil da aukeratu dabe oraingoan liburu-dendetako arduradunek, idazkera ederragaitik, prosearen erritmo egokiagaitik eta narrazinoaren errealismoagaitik, sarien aurkezpenean azaldu dabenez. Alaine Agirre oso gaztea dala nabarmendu dabe liburu-saltzaileek eta, halandabe, teknika literarioak ederto erabilten dituala. Liburu intensoa da X hil da, euren esanetan.

Gaztelaniazko atalean be emongo dabe Zidarrezko Euskadi Saria. Aurten, James Rhosesen Instrumental aukeratu dabe. Prosa zuzen, gordin eta era berean jostagarria dauka liburuak, liburu-saltzaileek dinoenez.

Literaktum jaialdiaren 16. edizinoa maiatzaren 3tik 14ra egingo da Donostian. Horren barruan, maiatzaren 5ean, Alaine Agirrek eta James Rhodesek saria jasoko dabe ekitaldi baten. Ganera, maiatzaren 6an, 19:30ean Koldo Mitxelena Kulturunean, Alaine Agirrek agerraldia egingo dau, Jasone Osorogaz batera.

Osorik irakurri