ONCE erakundearen eta Eusko Jaurlaritzako Hizkuntza Politikako sailburuordetzearen arteko alkarlanari esker, ikusmen urritasuna daukien euskaldunentzako liburuen katalogoa sortzen dabilz. Aurten, 44.000 euroko fondoa sortu dabe, euskerazko 55 obra braille eta audio sistemetan erabilteko. 2006an alkarlana hasi zanetik, 600 liburu baino gehiago egokitu dira.
Irakurleek egindako eskarien arabera erabagiten dabe ze obra egokituko diran. Ikusmen urritasuna daukan edozein erabiltzailek egin leike eskabidea ONCEn eta jasotako proposamen guztiak aztertzen dira. Aurrekontuaren arabera erabagiten da urtean zenbat egokitu.
Testu-liburuak ez dira onartzen, normalean lan literarioak izaten dira. Tartean, badagoz umeentzako liburuak be. Aurten, 55 liburu aukeratu ditue. Tartean dagoz Anjel Lertxundi, Joseba Sarrionandia eta Alaine Agirreren lan barrienak, besteak beste.
Egokitutako liburuak ONCEren fondo bibliografikoan sartzen dira. Holan, eskaria egin dauen personeak ez eze, ikusmen urritasuna daukien beste batzuek be irakurri ahal izaten ditue. Hori bai, publiko zabalarentzat ez dagoz eskuragarri.
Braille (eskuakaz irakurteko) eta Daisy (entzuteko) sistemetan ipinten ditue liburu guztiak, erabiltzaile bakotxak formatu erosoena aukeratu daian. Telefono adimendunetatik be entzun leitekez testuak, horretarako aplikazino bat dago eta.
Baliabide publikoak behar-beharrezkoak doguz, adierazo dau Juan Carlos Andueza ONCEko lurralde ordezkariak. Bide horretan, ONCEren eta Jaurlaritzearen arteko alkarlana 2006an hasi zan eta, urtero-urtero, eten barik eutsi deutsie proiektuari. Horri esker, euskerazko 600 liburu baino gehiago dagoz egokituta eta aurten beste 55 etorriko dira.
Aurtengo egokitzapenetarako, 44.000 euroko fondoa sortu dabe. ONCEk % 35 ipiniko dau eta ganerakoa, Jaurlaritzak. Dirua inbertidutea da, ez gastua, azpimarratu dau Patxi Baztarrika Hizkuntza Politikako sailburuordeak. Hamaika urteko lankidetzan, orain arte 400.000 euro baino gehiago bideratu ditu Jaurlaritzeak proiektu honetara. Aurreko hiru urteakaz alderatuta, aportazinoa igon egin dogu, azaldu dau Baztarrikak.
Mila izenburuko katalogotik gero eta hurrago gagoz, esan dau Baztarrikak, lan garrantzitsua da hau, euskaldunen eskubideak zabaltzea da, ikusmen arazoak daukiezenen eskubideak hain zuzen. Hurrengo urteetan be, alkarlanari eusteko esperantzea agertu dabe ONCEk eta Jaurlaritzeak.