Expodistritok, Bilboko barrutietako Udaltegietan eskainiko dan aldi baterako erakusketa zikloak, urteko bigarren seihilekorako egitaraua inaugurauko dau datorren astelehenean, apirilaren 18an. Oraingo honetan, Abando-Barrainkuako, San Inazio-Ibarrekolandako, Begoñako, San Frantziskoko, Castañoseko, Otxarkoagako, Errekaldeko eta Burtsako (Alde Zaharra) udaltegietara hurreratzen diranek, hainbat pintura teknika erabiliz egindako lau pintura erakusketa ibiltariz eta argazki erakusketa batez gozau ahal izango dabe.
Abando – Barrainkuako Udaltegian Expodistritoko argazki erakusketa bakarra izango da: Emakumea eta lana, Bizkaiko Emakume Unibersitarioen Alkartearen eskutik. Emakume beharginaren omenezko erakusketea hilaren 29ra arte ikusi ahal izango da eta ondoren Otxarkoagako udaltegira joango da.
Begoñako udaltegiak, Argi Arte Arte Plastiko eta Diseinu Zentroan (Bilbo) egindako Ilustrazino Zikloaren ikasturte amaierako lau proiektu erakusten dituan 4 líneas, nada más talde erakusketea jasoko dau. Erakusketeak amesen bidetik eroango ditu ikusleak, egile bakotxak diziplina horretara hurreratzeko eta era plastikoan gauzatzeko mundu berezia eskaintzen dauelako. 4 líneas, nada más erakusketea San Frantziskoko, San Inazio – Ibarrekolandako, Abando – Barrainkuako eta Castañoseko udaltegietan ikusi ahal izango da, ordena horretan.
Castañoseko udaltegia izango da apirilean, La Vaca Pinta tailerrean egindako lanen aukeraketa berezia erakutsiko dauena. El Paso del tiempo aldi baterako erakusketea da. Bertan dana denpora tarte mugatu batean gauzatu da, eta artistek euren denporearen idea sortu dabe, hainbat teknika erabiliz, persona bakotxaren arabera batzuetan iragankorra eta beste batzuetan erlatiboa dana kontetako eta adierazoteko.
Apiril honetan udaltegietara helduko dan azken proposamena, hori be margolanez osotua, Markos Basterretxearena izango da. Bertan hainbat formatu, teknika eta gai jasoten dira, eta lanaren ardatz nagusia errealismoa izango da. Erakusketea Errekaldeko udaltegian ikusi ahal izango da beste inon baino lehen.
Eta maiatzean, barriz, beste pintura erakusketa bat inaugurauko da, Valentín de Urrutia Mariscal margolari eta diseinugile bilbotarraren eskutik. Arte plastikoetan autodidaktea da, baina diseinu grafikoan dauen esperientzia zabala da eta, koloreen masak era bikainean buztartzen ditu, bere lana ikustea gozamen bilakatuz. Ikusleek maiatzaren 3tik aurrera ezagutu ahal izango dabe artista honen lana San Inazio – Ibarrekolandako Udaltegian.
Expodistrito programea, Bilboko Udaleko Kultura eta Hezkuntza Sailaren ekimena da, eta bere helburuen artean uribilduko arte adierazpenak deszentralizau eta ikusleei artista gazteen lanak aurkeztea dagoz, eta baita dagoeneko ezagunak diran beste batzuen erakustoki izatea be. Ohikoa danez, erakusketak txandakatuz joango dira; erakusketa bakotxaren egun zehatzak udaltegietan, barrutietako programazinoa jasotzen dauen www.kulturabarrutik.net webgunean eta 010 telefono zenbakian konsultau daitekez.
Apirileko agendea
Izenburua: Emakumea eta lana / Bizkaiko Emakume Unibersitarioen Elkartea – (Argazkia).
Lekua: Abando-Barrainkuako udaltegia.
Egunak: apirilaren 18tik 29ra.
Izenburua: Argi Arte (Pinturea).
Lekua: Begoñako udaltegia.
Egunak: apirilaren 18tik 29ra.
Izenburua: Markos Basterretxea (Pinturea).
Lekua: Errekaldeko udaltegia.
Egunak: apirilaren 18tik 29ra.
Izenburua: La vaca Pinta tailerra (Pinturea).
Lekua: Castañoseko udaltegia.
Egunak: apirilaren 18tik 29ra.