Bizkaibuseko langileak greban maiatza eta ekainean

uriola.eus 2016ko api. 18a, 10:47

Martxoan egindako protesta

Bizkaibuseko sindikatuek bi, hiru eta lau orduko grebak deitu dituzte maiatzean eta ekainean. Sindikatuen arabera, Bizkaiko autobus zerbitzu publikoa eskaintzen duten enpresetan lan baldintzek "okerrera egin dute". 

Joan den ostiralean CCOO, ELA, UGT eta USO sindikatuetako federazioen ordezkariek eta kontzesioa duten enpresetako batzordeek lanuzteen deialdia aurkeztu zuten Eusko Jaurlaritzan. Eurek azaldu bezala, bi ordukoak izango dira lanuzteak goiz eta arratsaldeko txandetan, maiatzaren 4, 9, 12, 16, 18 eta 20an. Bestetik, hiru ordukoak izango direla argitu dute maiatzaren 23tik 26ra, eta lau ordukoak maiatzeko azken egunetan eta ekainaren lehen 10 egunetan. 

Sindikatuek “beharginen lan baldintzek okerrera egin dutela” argudiatzeaz gain, 2013an Bizkaiko Aldundiak eta sindikatuekin sinatutako akordioa ez dela bete azaldu dute. Izan ere, akordio horretan autobus-zerbitzuen esleipen berriak egiterakoan, ordura arteko lanpostuei eustea adostu zuten aldeek.

Gainera, Bizkaiko Aldundiak ez duela arazoa bere gain hartu salatu dute sindikatuek, ondorioz, apirilaren 19an, bihar, eta apirilaren 26an foru jauregira eramango dute protesta.