Zinebi festibalean ekoiztutako bi film Malagan ikusgai

uriola.eus 2016ko api. 18a, 10:20

Zinebik ekoiztutako Bilbao-Bizkaia. Etxerior-Día (7 miradas y una ciudad) eta Distantziak talde filmak Malagako zinemaldian eskainiko dira datorren apirilaren 27an. 

Bilbao-Bizkaia. Etxerior-Día (7 miradas y una ciudad) lana apirilaren 27an eskainiko da Malagako Picasso Museoko Auditorioan, arratsaldeko 18:00etan, eta 28an Albeniz zine aretoan, arratsaldeko 17:30ean, 'Estreinaldi Bereziak' sekzioan. Distantziak lana aldiz, apirilaren 28rako dago programatua, 'Dokumental Berezien' barruan. Emanaldia Echegaray Antzokian izango da, arratsaldeko 17:00etatik aurrera.

Bilbao-Bizkaia. Etxerior-Día (7 miradas y una ciudad) sortu zuen proiektuak bi helburu zituen, batetik film laburrari balioa ematea eta bestetik, errodatze lanak egiteko Bilbo erakusleiho izatea. Sketch filmen modu klasikoan egindako ekoizpen lan bitxi honek elkarren artean oso desberdinak diren gaiak eta ezaugarri formalak dituzten zazpi fikzio biltzen ditu :zine musikala, garaikoa eta egungo drama eta komedia, besteak beste. Horien guztien ezaugarri komuna, hiriak eta Bizkaiak azken 30 urteetan izan dituzten eraldaketak irudikatzeko nahia da.

Distantziaklanari dagokionez, lau zinegile gaztek egindako talde filmaren izenburua da: Maddi Barber, Cris Ezquerra, Aitor Gametxo eta Jesus Maria Palacios. Azken finean, bakoitzak gaur egun zinea egiteko duen modu pertsonala besteekin batera lantzen duten lau zinegile gazte dira. Zine erabat pertsonala, jardunbide dokumentaletan lehen pertsonak duen gero eta subjektibizazio eta presentzia handiagoa agerian utziz, ezarritako diskurtso ofizialaren aurreko erresistentzia gisa.

Distantziak Zinebiren ekoizpen lana da, gaur egungo ikus-entzunezko sorkuntzaren ikerketa eta hedapen eragile autonomo gisa finkatuz joan dena eta Bilboko jaialdiaren azken bi edizioetan Zinergentziak zikloaren barruan parte hartu duena. Zinergentziak zeharkako ekintza gisa egituratu da Zinebiren programazioan, eta bertan jaialdia bera, sorkuntza garaikide horren erakusleiho gisa aritzeaz gain, bultzatzaile eta sustatzaile gisa ere jarduten da.