Laugarren urtez jarraian, Liburuaren Nazioarteko Eguna dela eta (apirilaren 23an), Bizkaiko Foru Liburutegiak proiektu horri loturiko laurehun liburu inguru askatuko ditu Bizkaiko hainbat tokitan, hala euskarazkoak nola gaztelaniazkoak. Aurten, berrikuntza modura, helduentzako liburuez gainera, neska-mutilentzako irakurgaiak ere askatuko dira.
Bilbon, apirilaren 18tik 22rako astean askatuko dira Bookcrossing ekimeneko liburuak, jendea hara-hona ibili ohi den leku publikoetan: plazak, parkeak, pasealekuak eta abar, hala hirigunean nola auzoetan.
Beste bost udalerritan ere aurkitu ahal izango dira halako liburuak: Balmasedan, Durangon, Gernika-Lumon, Markina-Xemeinen eta Urduñan. Herri horietan, apirilaren 22an askatuko dira liburuak, eta, horretarako, tokian tokiko udal liburutegien laguntza izango du Foru Liburutegiak. Proiektu erabat altruista da Bookcrossinga, zeinaren helburua baita hainbat liburu askatzea hainbat toki publikotan, beste irakurle batzuek hartu eta, irakurri ondoren, ekimenarekin bat egin dezaten, aurkitutako liburuekin zein eurek ekarritako liburuekin.
2001ean sortu zen ideia, Estatu Batuetan: Ron Hornbaker delako bati otu zitzaion, aurretik zeuden beste ekimen batzuetatik abiatuta; esaterako, banketxeetako txartelen billeteen jarraipena egitea, numerazioaren bitartez.
Proiektuan parte hartzeko, liburua Bookcrossingen web-orrian erregistratu behar da aurretiaz, Internet bidez. Behin erregistratu ondoren, prozedura errez baten bidez, aske utzitako liburua non dagoen ikus daiteke, eta beste irakurle batzuen iritziak irakurri ere.
Liburua edozein toki publikotan utz daiteke aske, baina toki batzuk egokiagoak dira ekimenak erantzuna izatea nahi badugu.
Behin liburu bat hartuta, gomendioa da gainerako irakurleekin partekatzea irakurketari buruzko iritziak. Erraza da: Bookcrossing ekimenaren web-orrian sartu, eta, alearen erregistro-zenbakiaren bidez, hedadura globaleko komunitate horretan parte hartu daiteke. Horrela, aldi batez liburuaz jabetu diren guztien iritziaz jaso daitezke, bai eta aleak zer ibilbide egin duen ere. Batzuetan, harrigarria da liburu batzuk nondik nora mugitzen diren, are kontinente batetik bestera ibiltzeraino.