Gaur hasiko da 365 Jazz Bilbao zikloaren IX. edizioa

uriola.eus 2016ko api. 26a, 10:13

Gaur hasita azarora punta-puntako artistak izango dira Bilboko Campos Antzokian. Hain zuzen, lau kontzertu eskainiko dira hilabeteotan Regina Carter biolin jotzailea, Sendecki eta Olejkniczak bikotea, John Scofield gitarra jotzailea eta Francisco Jazz Collective taldeareakin. Lehenengo kontzertua apirilaren 26an izango da.

365 Jazz Bilbao zikloa jazz zaleei zein aurrenekoz entzuten dutenei kalitaterik bikainena eskaintzean datza; izan ere, zikloa dagoeneko finkatuta dago hiriko kultur eta aisialdiaren barruko bederatzi urteko ibilbide luzean.

Aurtengo edizioa, bederatzigarrena, gaur bertan hasiko da Regina Carterren kontzertuarekin eta hortik azaroaren 9ra arte beste hiru kontzertu eskainiko dira. Zikloko lau kontzertuak Campos Antzokian izango dira 20:00etan.

Sarrera guztiak 6 eurotan daude salgai Kutxabank kutxazainetan edota Campos Antzokiko txarteldegian.

Regina Carter, apirilaren 26an

Karteleko emakume bakarrak hainbat musika motaren eragina du: R&B erritmoena, musika hinduarena eta musika klasikoarena. Bere estreinako esperientzia musikalak Detroiten izan zituen, bere jaioterrian, Detroit Civic orkestra sinfonikoko eta pop eta funky musikako Brainstorm taldeko kide moduan. Aretha Franklin eta Patti Labellekin grabatu du, Kerry Barron jazzeko behinolako piano jotzailearekin edo  Wynton Marsalisekin. 2011ko abenduan Genoan (Italia) jazzeko lehenengo artista eta lehenengo afroamerikarra izan zen jotzen Gesuko Guarnerin. Reginak, bai biolin-jotzaile moduan, bai orkestrako zuzendari moduan, arrasto ezabaezina utzi du jazzaren munduan eta arlo horretako artistarik ezagunenetakoa da gaur egun.