Urte guzti hauetan herrialde desberdinetan egon diren erronkak, garaipenak eta porrotak ere aztertu ditu, baina batez ere krisi etengabean dagoen planeta honetan aldaketa sakonak eragin ditzaketen sustraietara hurbildu gaitu, antolaketa-tresna askatzaileen eskutik datozen proposamenak dira, hain zuzen ere, zama kolonialista eta dogmatikotik aldenduta.
Hamarnaka artikulu eta liburuetan nazio-estatuei, gobernu aurrerakoiek duten politika ustiatzaileei, izaera hegemonikoa duten feminismoei aurre egin dieten herri mugimenduen, indigenen, ikasleen, nekazarien, feministen, ekologisten eta beste hainbat mugimenduen esperientziak azaldu ditu. Herri mugimenduek hainbat lekutan zalantzan jarri dute aldaketak zuzenduko dituen abangoardiaren paper historikoa.
Raul Zibechik ekintza kolektibotik politika-antolaketa mota berriak hausnartu, analizatu eta alderatzeko erronka planteatzen digu, epe luzera benetako aldaketa soziala, kulturala, ekonomikoa eta politikoa gerta dadin behetik eta era komunitarioan oinarritutako antolakuntzaren bidez.
Bere azkenetako artikulu batean honakoa idatzi du: "Izaera aurrerakoia duten gobernu hauek kargua hartu ondoren, herri mugimenduek hainbat zalantza izan dute. Nolako hartu-emanak izan komunean gauza asko dituzun indar politikoekin? Nola egin bidea mobilizaziotik konfrontazioa oinarritzat ez duten ekintzetara? Gobernuan parte hartu ala oposizioan geratu? Nola jarraitu herri mugimendua eraikitzen gobernuak mugimendua zatitu eta bere buruak bereganatu nahi dituenean?".
Raul Zibechi gurekin izango da Bilbon, Zirika! herri gunean, gaur, apirilak 25, 19:30ean.