Rat-Zingeren infernuko doinuak

prestaldizkaria 2016ko api. 20a, 11:00

San Inazioko Rat-Zinger taldeak Vallecaseko Oasis estudioetan ekoitzitako disko berria aurkeztu du 'Larga vida al infierno' izenarekin. Punk eta hardcore doinu indartsuei eutsi die taldeak.

Taldearen laugarren disko hau berrikuntza batekin dator, izan ere, bateria soinuetan El Seminarista ezizenarekin aurkeztutako taldekide berria dago. Taldekideek azaldu bezala, diskoaren emaitza “Motorhead taldearen erritmo eta soinuz” beteriko infernuko CDa da. Hamar kanta bildu ditu taldeak, “inoiz baino amorru handiz” sorturiko doinuekin.

Diskoaren baitan ere hainbat kolaborazio izan dituzte zenbait kantetan. Besteak beste, Kaos Urbano, Porco Bravo edota Non Servium taldeetako abeslariak.

Jada badaukate diskoaren kontzertu biraren inguruko informazioa, jakitera eman dutenez, abuztuaren 23an Bilboko Aste Nagusian izango dira.