3. lineako erabiltzaileek txartel bakarra ordainduko dute metro sarean

uriola.eus 2016ko api. 20a, 11:29

Bizkaiko Garraio Partzuergoako Kontseiluak erabaki du Metro Bilbaoko 1 eta 2 lineek eta Euskotrenek kudeatuko duen 3. lineak zerbitzu bakar moduan funtzionatuko dutela herritarrentzat. Hortaz, bidaiariek ez dute gainkosturik ordaindu beharko lineaz aldatzean.

Metroaren 3. linea martxan jartzeko "zailtasun teknikoak" bazirela iragarri zuten erakunde publikoetako ordezkariek. Izan ere, Bilboko metroko 1. eta 2. lineak Metro Bilbaok ustiatzen dituen bitartean, 3. linea Euskotren enpresak ustiatuko du. Argitzeke zegoen linea horien topagunean, Alde Zaharreko geltokian, zer gertatuko den. Besteak beste, ontzi-aldaketak bidaiariei nola eragingo dien. Alegia, gainkosturik izango duen lineaz aldatzeak. Atzo adostutako akordioari esker, ez da gainkosturik izango.

Metro zerbitzuaren hiri inguruko edozein lineatan mugitzen diren erabiltzaileei ez zaie ontzi-aldaketa aplikatuko. Hau da, 1., 2. edo 3. lineako edozein erabiltzailek bidaia bakarra ordainduko du, Bizkaiko Garraio Partzuergoko (BGP) Kontseilu Nagusiak atzo adostu bezala.

2017. urtean abian jarriko den 3. linea (San Antonio-Matiko) metroaren beste linea bat izango da "ondorio guztietarako", eta L1, L2 eta L3 lineen artean egiten den edozein bidaia metroko "bidaia bakar gisa" hartuko da erabiltzailearentzat, hots, "ontzi-aldaketarik egin ez dela ulertuko da".

Akordioaren bidez Bizkaiko Garraio Partzuergoak konpromiso gisa hartu du L3 linea abian jartzeari lotuta deskribatu diren ekintzak garatzeko Metro Bilbaoko eta Euskotreneko esparru guztietan behar diren ekipamenduaren eta sistemen erosketa eta hasierako egokitzapena finantzatuko dituela.

 

2017ko hasieran 3. linea martxan

Bizkaiko ahaldun nagusi Unai Rementeriak adierazi duenez, "metroko 3. lineako lanen amaiera eta zerbitzuaren abiaraztea" 2017ko lehen hilabeteetan etorriko da. Lanok adostutako "egutegiarekin bat" gauzatzen ari direla aipatu du Rementeriak, "obraren batek atzerapenak izan dituela" zehaztu duen arren. "Neurri horretako obra batek izan ditzakeen gorabeherekin" lotu du atzerapena. Baina, "zalantzarik gabe", 2017ko "lehen hilabeteetan metroa martxan izango dugu", esan du ahaldun nagusiak Bizkaia Goazen 2030 estrategiaren aurkezpenean.

www.ctb.eus

[2016-03-11] EH Bilduk Metroko hirugarren linean tarifa bakarra ezartzea eskatu du

[2016-02-17] San Nikolaseko metroko sarbidea itxita egongo da gaurtik aurrera