Udaleko Kultura Sailak Bilboko eraikin berezietara egiten diren bisiten edizio berria jarriko du martxan maiatzean. Ekimen hori, ondarearen hedapenerako 'Bilbao Izan' programaren barruan sartzen da, eta edizio honetan XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako zenbait jauregitan eta jauregitxotan zentratuko da, horien artean Olabarri Jauregia, San Nikolas Jauregia –BBVAren egoitza– eta Alde Zaharreko eta Zabalguneko zenbait higiezin.
2010ean martxan jarri zen jarduerak gero eta bisita gehiago ditu, jendeak oso harrera ona eman baitio. Hori dela eta, aurten, lehen aldiz, maiatzean, ekainean eta irailean programatzen diren ohiko bisitez gain, uztailean ere bisitak izango dira. Izan ere, iazko edizioan 4.110 pertsonak hartu zuten parte, eta hasieran aurreikusitakoak baino 24 talde gehiago programatu ziren, bere egunean ingeniaritzaren arloan benetan garrantzitsuak izan ziren hiru instalazio ezagutu ahal izateko, horien artean Artxandako funikularra.
Bisitak maiatzaren 3an hasiko dira, une honetan Bilboko Portu Agintaritzaren egoitza den Olabarri Jauregian. XIX. mendearen bigarren erdialdean, Bilbok oso hazkunde ekonomiko handia ezagutu zuen, eta Campo Volantin Pasealeku dotorearen ingurua goi mailako auzo bilakatu zen. Lorategiz inguratutako jauregitxoak eta landetxe ederrak eraiki ziren bertan. Olabarritarren "hotela" da inguru horretan kontserbatzen den garai hartako etxebizitza eraikin gutxietakoa, gure hiriaren urrezko adinaren handitasunaren erakusgarri.
Olabarri Jauregia XIX. mendearen amaierako eta XX. mendearen hasierako Bilboko burgesiaren etxebizitza motaren adibidea da, eta Julian Zubizarreta arkitektoaren lan garrantzitsuenetakotzat hartzen da. XIX. mendearen amaieran modan zeuden arkitektura korronteen lekuko, eraikina 1894an eraiki zen, Jose Maria Olabarriren, garai hartako negozio gizon garrantzitsuaren, familia etxebizitza izateko.
Goi burgesiako familia baten etxebizitza izateko proiektatutako eraikinak arkitektura viktoriarraren ezaugarriak ditu, eta baita xehetasun klasizistak eta bertan bizi zirenen indar ekonomikoaren eta gizartean zuten garrantziaren sinbolo izatera zuzenduta ere bazegoen etxearen erosotasuna bermatzeko behar ziren elementu guztiak ere. 1953tik eraikinaren jabea Bilboko Portu Agintaritza da.
Olabarri jauregira egingo diren bisitak euskaraz eta gaztelaniaz izango dira, astearteetan eta asteazkenetan 16:00etan eta 17:45ean; ostegunetan eta ostiraletan goizeko 10:00etan eta arratsaldeko 17:00etan (euskaraz), eta larunbatetan goizeko 10:00etan eta 11:45ean, datorren maiatzaren 28ra arte. Bisitak euskaraz egin nahi dituzten taldeek eguna eta ordua adostu dezakete. Bisitek ordubete eta erdi inguruko iraupena izango dute, eta talde bakoitzak, gehienez ere, 30 pertsona izango ditu. Hori dela eta, beharrezkoa izango da aurretik erreserba egitea 010 / 94 401 00 10 telefono zenbakira deituz (astelehenetik igandera goizeko 08:00etatik arratsaldeko 20:00etara), datorren astelehenetik aurrera.
'Bilbao Izan'
'Bilbao Izan' programa duela hamar urte sortu zen, Bilboko biztanleei eta interesa duten guztiei, hiriaren historia, ondarea, eta gaur egun Hiria osatzen duten guneek denboran zehar izan duten bilakaera eta eraikuntza ezagutarazteko. Asmo horrekin zenbait ekimen gauzatu dira, horien artean, auzoetara egindako bisita gidatuak 'Bilbo, hil bakoitzean auzo bat', 'Botxoko mendi-mazelak deskubritzen' eta 'Hamabi begirada Bilbori' programen bitartez. Auzoetara egindako bisita gidatuen programari jarraipena emanez, Kultura eta Hezkuntza Sailak beste pauso bat eman zuen, bere arreta, ondarearen ikuspegitik bereziak diren Hiriko eraikinetan jarriz.