Amnesty Internationaleko ehunka aktibista mobilizatuko dira Bilbon errefuxiatuen eskubideen alde

uriola.eus 2016ko api. 21a, 08:15
Argazkia: www.es.amnesty.org

Batzar Orokor Federala Bilbon egingo du Espainiako Amnesty International erakundeak asteburu honetan. Jardueren artean, besteak beste, aktibistek '#RefugeesWelcome' mezua zabalduko dute itsasadarrean zehar eta bat egingo dute larunbat arratsaldean Areatzan Bizkaiko Ongi Etorri Errefuxiatuak plataformak egindako protesta deialdiarekin.

Espainian zein mundu osoan giza eskubideek duten egoerari buruz eztabaidatuko dute 350 bat bazkide eta aktibistatek eta, ildo horretan, erakundearen hurrengo helburuak erabakiko dituzte. Era berean, aukeratu edo berritu egingo dituzte Espainiako Amnesty Internationaleko gobernu organoetako karguak.

Larunbatean, apirilaren 23an, 'Refugees Welcome' lelodun itsasontzi bat Bilboko itsasadarrean barrena ibiliko da. Erakundeko zenbait aktibista joango dira ontzian, Europara iristea amesten duten errefuxiatu edo asilo-eskatzaileen izenean. Itsasontzia 20:00etan aterako da Itsas Museoko kaitik, eta ibilbidea 21:00etan amaituko du, Pio Barojako moilan, udaletxe ondoan. Itsasontziak gurutzatuko dituen zubietatik edo itsasadarraren ertzetatik argazkiak ateratzeko aukera izango da. Itsasontzitik errefuxiatuen aldeko mezuak igorriko dira, eta erakundeak arratsalde horretan bertan egingo duen ekitaldi publikorako deia egingo da.

Bestalde, biltzarreko partaide gehienak elkarretaratzea egingo dute larunbatean bertan, 20:30ean, Areatzan, protesta-ekintza batean Europako gobernuek, Espainiakoak barne, errefuxiatuei emandako erantzun etsigarria salatzeko. Errefuxiatuen gaia izango da erakundearen lehentasun nagusietako bat arian den urterako, eta Amnesty Internationalen hurrengo kanpaina globaletako bat horri buruzkoa izango da.

 

"Turkia ez da herrialde segurua"

Europar agintariek "mugak babestera" eta Europa "gotorleku bilakatzera" bideratzen dituzte euren ahalegin guztiak Amnesty Internationalen iritziz. Gaur egun, 19,5 milioi errefuxiatu daude mundu osoan, eta horietatik gutxienez 1,45 milioi bereziki ahulak dira, eta 2017. urtearen amaierarako berrasentatuta egoteko premia dute. Amnesty Internationalen ustez, Jordanian, Egipton, Iraken, Libanon eta Turkian dauden pertsonetatik 480.000 berrasentatu behar dituzte Europan. Gaurdaino, errefuxiatuen %86 herrialde horietan hartu dituzte.

Azken urtean, ehunka mila pertsonek, gehienak errefuxiatuak, bidaia arriskutsuak egin dituzten, Europan bizitoki seguru baten bila. Horietatik 3.500 baino gehiago "irentsi ditu" Mediterraneoak. Asko eta asko haurrak. "Eta gauzak are gehiago zailtzeko, Europara heltzea lortu dutenek onarpenik eza eta gaitzespena jaso dituzte; egoera horrek oztopoak jartzen dizkie asiloa eskatzeko eta ahulago bilakatzen ditu eskubide-urraketen aurrean".

"Mugak ixteko nahiak bultzatuta, EBko agintariek berariaz entzungor egin diete gertaera sinpleenei. Eta Turkia euren jendarme berri izendatu dute". Asilo-herrialde segurua dela argudiatuta, EBk eta Turkiak berriki hitzartutako akordioak Greziako uharteetara iristen diren siriar errefuxiatuak legez kanpo Turkiara itzultzeko aukera ahalbidetu du.

Baina "Turkia ez da herrialde segurua" ez errefuxiatuentzat, ez asilo-eskatzaileentzat, ez migratzaileentzat. Amnesty Internationalek Turkiako hegoaldeko mugan egindako ikerketek iradokitzen dutenez, urtarrilaz geroztik Turkiako agintariek ehun bat siriar gizon, emakume eta haur atxilotu eta kanporatu dituzte Siriara ia egunero.

Horren berri emateko, biltzarrean izango dira Maria Serrano, Amnesty Internationalek Bruselan migrazioari buruz abian duen kanpainaren koordinatzailea, eta Pablo Simon, Lesbosen (Grezia) boluntario gisa aritu den familia-medikua.

Espainian hainbat hilabete daramate herritarrek hartu beharreko errefuxiatuen gaineko zifrak entzuten. Agindutako azken kopuruak "lotsagarriak eta eskasak" izan dira: 595 errefuxiatu erantsi behar litzaizkioke 2015eko azaroan 854 pertsona berrasentatzeko onartutako Programa Nazionalari.

Amnesty Internationalek gogora ekarri nahi du 2009an onartu zela lehen aldiz gutxieneko berrasentatze-kuota bat Espainian. Orduz geroztik, 208 errefuxiatu bakarrik ekarri dira, 1.159 plazako kopurua ezarrita egon arren.

"Lotsagarria da krisi latz honen aurrean Espainiak Siria, Sudan, Eritrea eta Etiopiatik iritsitako 208 errefuxiatu bakarrik berrasentatu izana", adierazi du Esteban Beltranek, Espainiako Amensty Internationaleko zuzendariak. Kopuru horri 2010ean hartutako 500 kubatar presoak eta haien senideak gehitu behar zaizkio.

"Antza denez, Espainiak ez du egiazko konpromiso bat onartu gerratik eta izugarrikeriatik ihesean dabiltzan pertsona horien egoera larriari aurre egiteko. Ez dugu ahaztu behar 2015eko maiatzaz geroztik ez duela pertsona bakar bat berrasentatu", erantsi du Esteban Beltranek. Gainera, birkokatze-programaren baitan Europar Batasunarekin hitzartutakoaren arabera, Espainiak Greziatik, Italiatik eta antzeko beste herrialde batzuetatik iritsitako errefuxiatuak eta asilo-eskatzaileak hartzeko konpromisoa du, baina, orain arte, 18 pertsona bakarrik etorri ahal izan dira bide horretatik Espainiara.

 

Giza eskubide gehiago biltzarrean

Errefuxiatuen egoerari buruz hitz egingo duten gonbidatuez gain, biltzarrean egongo da, halaber, Alejandra Bermudez, 2004az geroztik lekualdatze behartuaren biktima dena Kolonbian, akordio humanitarioen aldeko aktibismoan ziharduelako erakunde-koalizio baten kide gisa. Gaur egun, Espainiako Atalak giza eskubideen defendatzaileak aldi baterako babesteko abian duen programan sartuta dago.

Azkenik, informaziorako eta eztabaidarako aukera izango da honen gainean: "Kirola eta giza eskubideak. Amnesty Internationalen aukerak eta erronkak". Erakundea abuztuan Rio de Janeiron egingo diren Olinpiar Jokoetarako prestatzen ari den lana aurkeztuko da.

www.es.amnesty.org