Kaleko edanaren aurrean bizikidetza hobetzeko zenbait neurri proposatu ditu Udalak

uriola.eus 2016ko api. 22a, 08:00

Atzo goizean, Bilboko kaleko edanari buruzko lan bat aurkeztu zuten udaletxean. 2015eko azaroan hasi ziren gaia lantzen, kalean alkoholdun edariak edatearen ondorio batzuei aurrea hartzeko. Ondorio batzuk kaleko edana praktikatzen duten gazteei dagozkie eta beste batzuk hiriari. Hiri gazte zein bizi baten eta atsedena hartzeko eskubidearen arteko oreka lortu nahi du Udalak.

Udalaren zenbait sailek lan egin dute lan honetan eta Gazteria eta Kirol Saila da lana koordinatzen duena. Adostasuna lortu nahi da. Alde batetik, gazteek aisialdiaz gozatu nahi dute; beste alde batetik, auzokoek atsedena hartzeko eskubidea dute; eta, bestetik, ostalariek ez dute arazorik izan nahi. Hori dena uztartu nahi da. Gazteen artean neurriz gain edatea bezalako arrisku-jokabideak ere ahal den neurrian gutxitu nahi dira.

Gazteria eta Kirol Sailak 2014an ere azterlan bat burutu zuen eta orain informazioa berritu egin dute. Europako eta Estatuko beste hiri batzuetako antzeko problematikak ere aztertu dira. "Litroak" egitearekin zerikusia duten zenbait gai aztertu dira. Hala nola, udalerriko zein lekutan egiten dituzten "litroak" eta kaleko edanaren mota ezberdinak, Udalaren sailek "litroak" egiteak dakartzan ondorioak (zikinkeria, auzokoentzako molestiak, neurriz gaineko kontsumoak,…) arintzeko egiten duten lana eta litroak egiten dituzten gazteen profilak aztertzea. Gazteekin ere harremanetan jarri eta haien ikuspuntua eta proposatzen dituzten alternatibak jasotzen saiatu dira lana egiten dutenak.

Gazteria eta Kirol Sailak 2014an 1.756 pertsonari egindako inkestaren arabera, hauxe da "litroak" egiten dituzten gazteen profila:

• % 56 mutilak eta % 44 neskak.

• Batez besteko adina 19 urte (16 eta 24 urte bitartekoak). Adinaz gain, gaztekopurua kontutan hartuta, batez beste 21 edo 22 urte ingurukoak izaten dira.

• Gehienak ikasleak dira. 

• Batez beste 4 pertsona egoten dira taldean eta gehienak talde mistoak dira (% 60).

EAEko 2012ko Adikzioei buruzko Inkesta bezalako kontsumoei buruzko azterlan batzuetako emaitzak kontutan hartuta, hona hemen zenbait datu:

• Gazteen % 47,2k inoiz ez ditu kalean "litroak" egiten.

• Gazteen % 5,1ek sarritan egiten ditu "litroak".

• % 21,1eko urtean behin edo birritan egiten ditu "litroak".

• % 12,3k hilean behin edo birritan egiten ditu "litroak".

• % 12,8k inoiz ez du alkoholik hartu.

Udalaren lanaren koordinazioa

Udalaren sail batzuek egiten duten lanak eragina du hiriko kaleko edanean eta kontsumoetan.

Osasun eta Kontsumo Sailak heziketaren ikuspuntutik ekin dio gai honi, eskoletan zein familien artean lantzen duela. Prebentzioari garrantzi handia ematen dio eta neskatomutikoen artean babes-faktoreak indartu nahi ditu, arriskuak ahalik txikienak izateko. 2014- 2015 ikasturtean prebentzioari begira egindako tailerretan parte hartu zuten ume eta gazteak guztira 15.600 izan ziren. Osasun eta prebentzio-arloko informazioa edo prestakuntza jaso zuten gurasoak 1.185 izan ziren.

Obra eta Zerbitzu, Hiri Eraberritze eta Espazio Publikoaren Sailak, kaleko edana dela-eta, giza baliabide zenbaitek garbiketan jarduten dute: 21 langilek, 9 ofizialek eta 12 peoik.

Herritarren Segurtasun Sailak, 2015ean, zigortzeko 301 espediente hasi zituen, problema honi dagokionez, udal ordenantzak ez betetzeagatik.

Azkenik, Herritarrentzako Arreta, Partaidetza eta Barrutien Sailak Udaltzaingoak jarritako zigorrak bideratzen ditu ordezko lanak edo Bilboko GKEei laguntza emateko, eta horrela gazteek jarrera kritikoa garatzeko eta komunitatearekiko ardura handiagoa edukitzeko.

Lanaren ondorio nagusiak

Azken hilabete hauetan egindako lanean Gazteria eta Kirol Sailak ondorio hauek azpimarratu ditu:

 

1) Gazteek parekoekin gizarteratzeko espazioak bilatzen dituzte. Parekoen taldearekin partekatutako aisialdia oso garrantzitsua da gazteen prestakuntzan eta nortasuna eratzean. 

2) Gizarte-harremanetan alkohola egoten da eta gazteen kontsumoak nolabait helduaroko iniziazio-erritoei lotuta daude. Gurean eta beste hiri batzuetan izaten diren kontsumoei buruzko datuak oso antzekoak dira. Kezka agertzen dugu sarritan goizegi hasten direlako (batez beste 16 urte eta erdiko adina).

3) Litroak egiten dituztenak gaueko aisialdiaz gozatu eta ondo pasatu nahi duten gazteak dira. Ikasketak amaitu eta lanean hasten direnean gazteek beste barik uzten diote kaleko edanari.

4) Alkoholdun edariak kontsumitzeko lekuei dagokienez, lehenengo aukera tabernak dira; bigarrena diskotekak, eta hirugarrena kalea. Laugarrena lonjak dira. 

5) Erasoak eta triskantzak oso urriak badira ere, maila handikoak dira zikinkeria, zaratak eta txizak. Hauek bizikidetzan modu negatiboan eragiten dute, batez ere, hiriko leku jakin batzuetan. 

6) Kaleko edanaren mapa egitean, alde handia dago hiri barruko eta kanpoko espazioei dagokienez, bizikidetzan eragina ezberdina delako. Kontutan hartu behar da non dauden kokatuta diskotekak eta tabernen aldeak.

Udalak esku-hartzeari buruzko informazio hau eta 2014aren amaieran egindako azterlaneko datuak alderatuak izan dira eta horretarako gazteek partaidetzan eta horiei entzutean oinarritutako dinamikak erabili dira. Deustuko Unibertsitateko Drogamenpetasunen masterreko ikasleekin, gizarte eta hezkuntza-arloko profesionalekin eta normalean "litroak" egiten dituzten 18 eta 24 urte bitarteko pertsonekin lan egin da.

Garatu beharreko proposamenak

Bilboko Kaleko Edanari buruzko azterlan hau eginda, Gazteria eta Kirol Sailak azpimarratu nahi izan du proiektu irekia dela, nolabait eraginpeko alde guztien partaidetzari zabalik dagoela proiektua. Lehen fase honetan hauexek dira planteatutako ekintza zehatzak:

1.- Kaleko edanarekin zerikusia duten eragileen arteko topalekua sortzea: Gazteak, auzokoak, ostalariak eta Udala elkarrekin hitz egiteko. Horrela eraginpeko guztiek entzungo dituzte besteen argudioak eta proposamenei buruz euren iritzia eman ahalko dute. 

2.- Kontsumoari lotutako arriskuen kudeaketa arduraz egiteko jarrerak sustatzea; besteak beste, Osasun eta Kontsumo Sailaren Drogamenpetasunen Planean aurreikusitako neurriak sustatuz eta horiei eutsiz. 

3.- Kalean eta gazteek gehienetan erabiltzen dituzten kanaletan kalteak eta molestiak gutxitzeko sentsibilizazio-ekintzak sustatzea.

4.- Gazteentzako kultura, aisialdi eta kirol agenda bat sustatzea.

5.- Ostalaritzako sektorearen lankidetza sustatzea, auzokoei molestiak ekiditeko. 

6.- Zigorrek duten heziketa-arloko izaera indartzea eta jokaera ez egokia eta arriskujokaerak direla-eta Udaltzaingoak jarritako zigorrak modu alternatiboan betetzeko programa erabilgarri eta eragingarria garatzea. 

7.- Kontsumoen gaian, aisialdi-motetan eta gazterian adituak diren pertsonekin eta ostalaritzako pertsonekin jardunaldi bat antolatzea, proposamen berriak ezagutzeko eta aztertzeko.