Udalak eta Bilboko Elkarte Koralak atzo goizean prentsaurrean aurkeztu dute uriko zortzi auzotara iritsiko den “Bilboko Korola Gertutik” izeneko kontzertuen ziklo berria.
Bilboko Elkarte Korala osatzen duten zenbait taldek hartuko dute parte bihar, Otxarkoagako Auzo Etxean 'Jesus Guridi' Orkestraren emanaldiarekin hasiko den musika koraleko kontzertuen zirkuituan.
Zortzi asteburutan Haurren Abesbatza, Euskeria Abesbatza, Koraleko Gitarren Orkestra eta Bilboko Kantu Eskolako ikasleak arituko dira zortzi programa interpretatzen.
'Bilboko Korala Gertutik' kultur programa berri honekin, Udalak dohainik bultzatu eta sustatu nahi ditu kultura bilbotarren eskura jartzeko jarduerak. Honelako eskaintzekin Kultura Sailak kulturaren kontsumorako ohiturak sorrarazi nahi ditu bilbotarren artean.
Emanaldiak auzoetan
250 pertsonak hartuko dute parte jarraipena izateko asmoz antolatu den Udalaren ekimen honetan. Aurten, Otxarkoagako kontzertuaren ostean, Bilboko Koraleko Haurren Abesbatzak emanaldia eskainiko du apirilaren 30ean Abusuko Artzain Onaren eta Santa Teresitaren Elizan (20:15). Bestalde, Bilboko Koraleko Haurren Abesbatza eta 'Jesus Guridi' Orkestra Miribillako Santa Maria Josefa Elizan arituko dira maiatzaren 7an (19:00) eta Koralaren Abesbatza Mistoa Deustuko San Pedro Elizan maiatzaren 13an (20:00). Abesbatza eta orkestra guztiek hartuko dute parte Indautxuko Karmen Elizan maiatzaren 21ean (20:30) egingo den jai musikal handian. Gero, maiatzaren 28an (20:00), Haurren Abesbatza eta Euskeria Abesbatza izango dira Begoñako Santa Monika Komentuan. Euskeria Abesbatzak Zorrotzako Mirarizko Dominaren Ama Birjinaren Elizan jardungo du ekainaren 4an (19:30). Ekainaren 11n (17:30) Bilboko Koraleko Kantu Eskolako Ikasleak eta Gitarren Orkestrak emango diote amaiera zikloari.