Save the Children eta UNICEFek ‘Komunikazioa eta Haurtzaroaren I. Jardunaldia’ antolatu dute datorren apirilaren 27rako EHUn

Ekimenak komunikabideetako hainbat profesionalen presentzia izango du, haurren pobrezia eta ume errefuxiatu eta migratzaileen inguruan arituko direnak. Save the Children eta UNICEF Euskal Herriko Batzordeak datorren apirilaren 27an ‘Komunikazioa eta Haurtzaroaren I. Jardunaldia’ antolatuko dute. ‘Komunikabideak, haurren pobrezia eta ume errefuxiatuak’ titulupean, jardunaldian zehar komunikabideek umeekin zerikusia duten gaurkotasunezko bi gairi emandako tratamendua aztertuko da: haurren pobrezia batetik, eta errefuxiatu eta migratzaileen krisiaren ondorioz kaltetutako haurrak bestetik.

Jardunaldia 10:00 eta 13:30 bitartean ospatuko da, Euskal Herriko Unibertsitateko Leioako kanpuseko (Bizkaia) Liburutegi Nagusiko Batzar Aretoan. Kazetarien Euskal Elkargoak, Euskal Kazetarien Elkarteak eta EHUko Gizarte eta Komunikazio Zientzien Fakultateak babestuta, analisia egin eta ondorengo hausnarketara bultzatu nahi ditu partaide eta bertaratutakoak, komunikazio arloko profesionalek haurren eta euren eskubideen inguruko informazioei emandako tratamenduaren inguruan.

Helburu horrekin, Belén de Vicente eta Susana Hidalgok gidatuko dute jardunaldia, UNICEF Espainiako Batzordeko prentsa-burua eta Save The Childreneko Komunikazio arduraduna, hurrenez hurren. Hizlariei gai desberdinak planteatuko dizkiete komunikabideetan haurren alorrean ematen den biktimizazio posiblea azter dezaten, baita erredakzioetan estilo liburuei ematen zaien erabilera, bazterkeria edo pobrezia-arrisku egoeran dauden haurren irudia alda dezaketen estereotipoen erabilera eta haur errefuxiatu eta migratzaileen eskubideak babesteko egon daitekeen mekanismo gabezia ere.

Horretarako, jardunaldia bi atal nagusitan bananduta egongo den: lehenbizikoan (‘Nola informatzen dute komunikabideek haurren pobreziaren inguruan?’) Adela Úcar (ETB), César Coca (El Correo), Eider Hurtado (Onda Vasca), Estefanía Jimenez (EU Kids Online EHU), Juan Carlos de Rojo (Radio Euskadi) eta Susana Martínek (Deia) parte hartuko dute. Ikuspuntu lokal eta autonomiko batetik, haur ahulenen eta haurren pobreziaren inguruan oinarrituko da estraineko mahai-inguru hau.

Bigarren atalean (‘Ume errefuxiatuen inguruko informazioaren tratamendua’) Ane Irazabal, Iker Pastor (argazkilaria) eta Mikel Ayestaran kazetarien ikus-entzunezko testigantzak egongo dira lehenik eta Ainara Lertxundi (Gara), Cristina Sánchez (RNE) eta Nicolás Castellano (Cadena Ser) kazetariek ere parte-hartuko dute, haur errefuxiatu eta migratzaileekin zerikusia duten albisteen inguruko euren ikuspuntua eskainiz, jatorrizko herrialdeetan izandako esperientzia azpimarratuz.

Erronka nagusia komunikabideetako profesionalak sentsibilizatzea da, aldaketa sozialerako duten indar eta boterea kontuan hartuta, baita unibertsitate alorreko kideak edo beste GKEetako komunikazio-arduradunak ere sentikortzea; azken finean, haurrekin zerikusia duten informazioak argitara ateratzen dituzten pertsona guztiei eta euren lanean haurren eskubideen ikuspegia sartzeko interesa duten pertsonei zuzendutako jardunaldia izango da. Mundu guztiarentzat zabalik egongo den jardunaldia izango da, tokia bete arte. Sarrerak hemen lor daitezke.