Bilboko Zinemaldi Fantastikoak zenbait jarduera eskainiko ditu doako sarrerarekin gaurtik, apirilaren 27tik maiatzaren lehenengora, Kale Nagusiko BBK Aretoan eta Bidebarrietako Liburutegian.
Gaur arratsaldean, errobotikan aditua den Jordi Ojedak Bidebarrieta Kulturgunean eskainiko du hitzaldia. Unibertsitateko irakasle ere baden industria ingeniaria ezaguna da artea, komikiak eta zinea defendatzen dituelako zientzia eta teknologia hobeto hedatzeko, prestakuntza akademikoa interesgarriago bilakatzeko eta baita bokazio zientifikoak pizteko ere. 'Paradojas temporales en el cine de ciencia ficción' hitzaldia arratsaldeko 19:00etan hasiko da, eta sarrera librea izango da.
PRE-FANT
PRE-FANTeko programazioaren barruan, generoko zine frantsesari buruzko zikloa eta Kataluniako zinemaldiaren azken edizioan egon ziren lau film eskainiko dituen Sitges Tour a Contracorriente esperientzia jasoko ditu.
Zikloaren baitan hiru film luze eskainiko dira; Mauvais sang, 1986an Leos Caraxek egin zuen kultuzko filma da. Horrez gain, bi lan berriago ere eskainiko dira: Lucas Belvauxen Rapt (2009) eta Helene Catteten eta Fruno Forzaniren L´Etrange couleour des larmes de ton corps (2013) eta baita fantasiazko zenbait film labur ere. Ziklo hori apirilaren 28tik maiatzaren 1era izango da, BBK Aretoan, egunero, arratsaldeko 19:00etatik aurrera.
BBK Aretoaren programazioa bigarren zine saioarekin osatuko da, gaueko 21:15etik aurrera, Sitges Tour a Contracorriente esperientziarekin. Contracorriente Filmsek martxan jarritako ekimen horretan, zinemaldiaren azken edizioan eskaini ziren zenbait film Estatuko hainbat zine aretotan eskainiko dira, modu ibiltarian.
Orain arte zine aretoetan ikusi ez diren eta PRE-FANTen pantaila handian ikusi ahal izango diren lau filmak hauek dira: Kristian Levringen The salvation (2014), Cedric Angerren La prochaine fois je viserai le coeur (2014), Brian Jamesen Bloodsucking bastards (2015) eta iazko fenomenoetako bat, Anouk Whissellen, François Simarden eta Yoann-Karl Whissellen Turbokid (2015). Zinemaldiaren aurreko programazio guztia doakoa izango da leku guztiak bete arte, euskarazko azpi tituluekin eskainiko dira filmeak.